Espainiako Ehiza Xehe txapelketa irabazi duen bigarren euskalduna izan da Arkaitz Egaña. Elgoibartarraren aurretik, Julian Larreak lortu zuen garaipena 1968an, Espainiako txapelketa jokatu zen estreinako aldian. Hortaz, lorpen handi horrek behar bezala ospatzea merezi zuela erabaki zuten La Union ehiza eta arrantza elkarteko arduradunek, elkartearen izena zabaltzen lagundu baitu Egañak. Espainiako txapelaz gain, garaipen garrantzitsuak lortu ditu azken aldian: Euskadiko Txapelketa, iaz; eta Gipuzkoakoa, aurten, besteak beste. Elgoibarko Udaleko ordezkariek ere parte hartu zuten La Unionen egin zuten omenaldi bazkarian. Hala, Rikardo Garate alkateordearen eskutik jaso zuen oroigarri bat Egañak. Aurrekoez gain, Gipuzkoako Ehiza Federazioko presidente Jose Mari Usarraga ere izan zen bazkarian.
Argazkiak: Aitor Zabala.