2013ko egutegi handiaren 2.500 aleak agortu egin dira

elgoibarren.net 2013ko urt. 3a, 14:20

 
Dagoeneko agortu da Udalak argitaratu duen 2013ko egutegi handia, boltsikoko egutegiak, berriz, geratzen dira oraindik ere eta Kultur Etxean eskura daitezke. Egutegiak oso estimatuak direla herritarren artean azaldu dute Udaleko Euskara Sailetik, alabaina, aurten izan duten arrakasta "ez ohikoa" izan dela nabarmendu dute.


 Udaleko Euskara Sailak Ongarriren laguntzaz prestatu ohi duen egutegiak beti izan du arrakasta herritarren artean, baina aurtengoa ez ohikoa izan da, "eskuetatik kendu" dizkiote Euskara Sailari egutegiak. Egutegi txikiak (6.000 ale) gutunontzietan, eskoletan, euskaltegietan… banatu ditu Udalak baina handiak (2.500 ale) Arreta bulegoan eta Kultur Etxean eskuratzeko aukera izan dute elgoibartarrek.

 Urtez urte handituz doa herritarren eskaria, Euskara Sailarentzat eta Ongarri argazkilari elkartearentzat “pozgarria” da euskarazko egutegiak horrelako harrera izatea herritarren artean, eta, herritik kanpo ere asko direla egutegi horren zain egoten direnak, “horrela jakinarazi digute eta elgoibartar askok”.

 Egutegiaren arrakastaren arrazoietariko bat argazkiak direla kontuan izanik, Euskara Sailak egutegia aprobetxatzen du euskararen inguruko mezu ezberdinak zabaltzeko, eta oraingoan, toki-izenak eta herriko planoa izan dira protagonistak. Egutegi txikian (goiko argazkian) herritarrentzat interesgarriak diren telefono zenbakiak ageri dira, beraz, oso baliagarria da edonorentzat. 

 Bukatzeko, Udaleko Euskara Sailak eta Ongarrik argazki lehiaketan parte hartu duten argazkizale guztiak eskertu nahi dituzte, eta, era berean, herritarrak ere eskertu nahi dituzte egutegiari “horren harrera ona” egiteagatik.
Lotura duten albisteak: