Udal aurrekontuak herritarrekin lantzeko batzarrak antolatu ditu Bilduk

elgoibarren.net 2013ko urt. 3a, 15:27

 
BilduElgoibar koalizioak parte hartze prozesua hasiko du, Elgoibarko Udaleko 2013ko aurrekontuak herritarrekin batera prestatzeko. Asmo horretan, hirutan bilduko dira batzarrean: Urtarrilaren 8, 10 eta 15ean.

 
 


 Iaz hasitako bidetik, Udal aurrekontuak lantzeko prestatu dituzten bileretako bat Altzolan izango dela jakinarazi dute BilduElgoibarko ordezkariek, Altzolak daukan “auzo-izaera” dela-eta. Gainerako bi bilerak Elgoibarko Kultur Etxean izango dira, eta gai ezberdinak landuko dituzte bietan. Aurrekontuena gai “garrantzitsua eta sakona” dela argudiatu dute koalizioko kideek eta landu beharreko gaiak bi txandatan banatzea erabaki dute. Hala, lehenengo bileran, euskarari eta kulturari dagozkion diru kontuak izango dituzte eztabaidagai, bereziki. Bigarren bilerarako laga dute alor sozioekonomikoa.
Herritarrei parte hartzeko deia
 
Herritarren parte hartzeak daukan garrantzia nabarmendu dute Bilduko ordezkariek, Udalari dagozkion gaietan bereziki.  Izan ere, aurrekontuak Udalaren kudeaketaren “oinarria eta bizkarrezurra” direla gogora ekarri dute, eta, hortaz, aurrekontuen osaketan zenbat eta lagun gehiagok parte hartu, orduan eta osatuagoak izango direla azaldu dute. Horiek horrela, parte hartze prozesu honetara biltzeko deitu ditu herritarrak Bilduk. Hona hemen batzar egunak:
  1. Urtarrilak 8, martitzena, 19:30ean, Kultur Etxeko hitzaldi gelan. Gaiak: Euskara, kultura eta hezkuntza.
  2. Urtarrilak 10, eguena, 19:30ean, Kultur Etxeko hitzaldi gelan. Gaia: Sozioekonomia. 
  3. Urtarrilak 15, martitzena, 19:30ean, Altzolako jubilatuen lokalean.