San Silvestrerik espontaneoenean hartu zuten parte 70 bat lagunek

elgoibarren.net 2013ko urt. 4a, 14:51

Urgazi Triatloi Tadeak San Silvestre lasterketa ez antolatzea erabaki zuen arren, urteko azken eguna korrika eginez agurtzearen ideia, Gabon Zahar Feria Egunean irten zen, taberna giroan zebiltzan herritar batzuengandik, hain justu ere.
Era berean, Alberto Revuelta elgoibartarrak irabazi zuen Donostiako San Silvestre lasterketa.


  San Silvestre lasterketa antolatzeko ardura inork hartzen ez zuela ikusita, ahoz ahora zabaldu zen abenduaren 31n korrika egin nahi zuten kirol zaleen asmoa, eta sare sozialei esker hedatu zen gero. Hala, abenduaren 31n, 70 bat lagun batu ziren, ia espontaneoki, 17:00ak inguruan, Kalegoen plazan. Han bildutakoen artean erabaki zuten ibilbidea eta Elgoibarko kaleetan barrena korrika ibili ziren. Giro ona ian zen nagusi, eta saltakari batzuek mozorrotuta agertu ziren. Hona hemen zenbait argazki: urgazi.blogspot.com

1706637856399 San Silvestrerik espontaneoenean hartu zuten parte 70 bat lagunek

1706637856494 San Silvestrerik espontaneoenean hartu zuten parte 70 bat lagunek

Silvestre lasterketa Elgoibarren
 Urgazi
Triatloi Taldeak 2006ko Urte Zahar Egunean antolatu zuen estreinakoz San Silvestre lasterketa. Harrera ona eduki zuen lasterketak eta 156 lagunek parte hartu zuten lehenengo ekinaldian. Hurrengo hiru urteetan (2007, 2008 eta 2009) ere hainbat lagunek agurtu zuten urtea antxitxika. Azken bi ekinaldietan, baina, Gabon Zahar Feriarekin bat egin zuela-eta, San Silvestre lasterketa ez antolatzea erabaki zuten antolatzaileek. 2012an aldiberekotasun arazorik egon ez arren, ez zen inor animatu proba antolatzera.
Alberto Revueltaren garaipen berri bat
 Euskal Herriko leku askotan egiten dira San Silvestre lasterketak urteko azken egunean. Donostian, esate baterako, 3.000 korrikalarik hartu zuten parte Amara Kirol Elkarteak antolatzen duen proban. Parte hartzaileek 8,6 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten eta Alberto Revuelta elgoibartarra izan zen guztietan azkarrena, 25:42 denborarekin. Kilometroa 2:59ko erritmoan egin zuen elgoibartarrak, bigarren gaztaro honetan sasoiko jarraitzen duela erakutsiz. Imanol Cruz donostiarra sailkatu zen bigarren postuan, Revueltarengandik 26 segundora. (ikusi sailkapena)
  2012. urtea borobila izan da Alberto Revueltarentzat. Atletismoa urteetan lagata eduki ostean, 37 urterekin itzuli zen lehiaketetara orain dela bi urte, eta garaipen eta postu aipagarriak lortu zituen iaz. Besteak beste, Donostiako 15 kilometroko lasterketa irabazi zuen eta, 2012ko Behobia Donostia lasterketan bosgarren postuan sailkatu zen. Hona hemen, Behobia-Donostia lasterketa prestatzen ari zela eitb-koek Alberto Revueltari egin zioten elkarrizketa: