Errege Magoak zaldiz ailegatuko dira Elgoibarrera eta Mendarora

elgoibarren.net 2013ko urt. 4a, 15:57

{vimeo}34830128{/vimeo}Olentzero eta Mari Domingi eskuak bete lan ibili ziren modu bertsuan, ekialdetik etorriko diren hiru Errege Magoek ere galtzak bete lan izango dituzte Elgoibarko eta Mendaroko umeen gustua egiten. Tradizioak agindu legez, Errege egunaren bezperan, urtarrilaren 5ean, ailegatuko dira gurera. (Goiko bideoan, iazko Erregeen Kabalgata Elgoibarren)


  Bihar iritsiko dira Errege Magoak Elgoibarrera eta Mendarora. Elgoibarrera 18:30ean ailegatuko dira Santa Klaratik, eta herrian zehar ibiliko dira zaldiz haurrak eta gurasoak agurtzen. Bidean, eten bat egingo dute, San Lazaro egoitzan daudenak bisitatzeko, eta handik plazara itzuliko dira. Behin Kalegoen plazara iritsitakoan Jesus haurtxoa gurtzera joango dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magoak, eta ondoren haurren gutunak jasoko dituzte. Jaiotza biziduna 17:30ean hasiko da.

  Mendarora Ospas aldetik iritsiko dira hiru erregeak, zaldiz. Olentzerok egin zuen ibilbide bera egingo dute; hau da: Azpilgoetan hasiko dute kabalgata, Mañuskako iturri ondoan. Handik, Garagartzaruntz abiatuko dira, plaza gurutzatu eta txaleten ondotik aurrera, eta Garagartza pasata, Estazio kaletik San Jose alderako bidea hartuko dute gero, harik eta bisita frontoian bukatu arte. Han haurren gutunak jaso eta haien galderei erantzungo diete.
 
ARGAZKIAK: 2012ko Errege Magoen kabalgatak Elgoibarren eta Mendaron.