Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, domeka goizaldeko laurak aldera jazo ziren bi erasoak Elgoibarren, baina pertsona ezberdinek egin zituztela argitu du. Lehen sexu erasoa, 04:15ak aldera, izan zen. Etxera bidean zihoan emakume batek norbait atzetik zelatan zuela sumatu zuen, eta beldurtuta korrika ihes egin zuen. Etxeko atarira ailegatu zenean harrapatu zuen ustezko erasotzaileak, eta andrazkoa bortxatzen saiatu zen. Emakumeak, baina, atariko txirrina jo eta familiari laguntza eskatzeko aukera izan zuen. Familiako kideak jaitsi zirenerako ihes egin zuen erasotzaileak.
Dirudienez, ez zuen, baina, oso urrutira alde egin. Handik gutxira, beste bi emakumeren atzetik joan zen-eta, ustez, pertsona hori. Bi emakumeak bebarru batean babestu ziren, eta Udaltzaingora deitu zuten laguntza eske. Deiari erantzunez, andrazkoak zeuden lekuraino joan ziren Elgoibarko udaltzaingoko agenteak, eta etxeraino lagundu zituzten. Salaketak jasota, ustezko erasotzailearen bila hasi ziren. Udaltzainek 05:30ak aldera aurkitu zuten susmagarriaren deskribapenarekin bat zetorren gizonezko bat, tren geltokiaren inguruan. Era berean, handik gutxira azaldu zen lehen sexu-erasoa jasan zuen emakumearen senide bat, eta gertatutakoaren berri eman zien hark agenteei. Eibarko ertzain etxeko agenteek atxilotu zuten 19 urteko susmagarria.
•Bigarren erasotzaile bat
Gau berean jaso zen beste sexu-erasoa ere. Hala jakinarazi du Segurtasun Sailak. Goizaldeko 04:30ak aldera, emakumezko batek Ertzaintza deitu zuen, lapurreta eta sexu-eraso bat salatzeko. Emakumeak ertzain agenteei azaldutakoaren arabera, tabakoa erostera irten zen eta etxerantz zihoala, hiru lagun oldartu zitzaizkion. Diru-zorroa ostu zioten eta hiru lagunetako bat bortxatzen saiatu zela jakinarazi zien emakumeak ertzainei. Erasoaren ostean, osasun-zentro batera eraman zuten andrazkoa eta susmagarrien bilaketa hasi zuen poliziak. Elgoibarko zenbait udaltzainek susmagarrietako baten deskribapenarekin bat zetorren lagun bat atzeman zuten, 8:00ak aldean. Udaltzaingora eraman zuten ustezko erasotzailea, 19 urteko gizonezkoa. Handik ordu erdira, sexu erasoa egin zuen ustezko autorea zela egiaztatu zutenean, atxilotu egin zuten Eibarko ertzain-etxeko agenteek, sexu-erasoa egitea egotzita.
∞Lotura duten albisteak:
- Elkarretaratzea emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko (2012-10-04)
- Gazte bat atxilotu dute Elgoibarren, bikotekideari eraso egitea egotzita (2012-10-02)
- ‘Herritarren segurtasuna eta elkarbizitza hobetzeko’ neurriak indartu ditu Elgoibarko Udalak (2012-09-28)
- Elkarretaratze jendetsua, emakumeen aurkako erasoak salatzeko (2012-09-25)
- Bortxaketa salaketa bat ikertzen ari da Ertzaintza (2012-09-24)