Martxan da Elgoibarko Gazte Asanbladaren zineforuma. Zenbait kidek aspalditik zuten bueltaka buruan ideia, eta Txokolatea eta txurroak ekimenean gauzatu dute. Txokolatea eta txurroak janez zinemaz gozatzeaz gain, hausnarketa eta eztabaidarako tartea izango dela aurreratu dute antolatzaileek, emanaldien amaieran filmaz berba egitea baitu helburu Gaztetxeko zineforumak.
Filmen aukeraketari dagokionez, gustukoen dituztenak eta, agian, “ezagunegiak ez direnak” hautatuko dituztela azaldu dute sustatzaileek. Hala ere, “onartu eta eskertu” egingo dituzte ikusleen proposamenak. Emanaldien zerrenda itxi gabe duten arren, Jim Jarmush zuzendariaren “Night on Earth” eta Sean Penn aktore eta zuzendariaren “Into the Wild” filmak emateko asmoa dute datozen emanaldietan. Bi domekatik behin izango da zineforuma. Ez dute sarrerarik kobratuko, baina txurroen eta txokolatearen gastuei aurre egiteko ikusleen borondatea eskertuko dutela esan dute.
•Haizeak antolatutako zineforuma, gaur
Gazte Asanbladak antolatutako zineforumaren ildo berean, Elgoibarko Haizea Emakume Taldeak urteak daramatza zineforumak antolatzen. Kafea pastekin eta pelikula programaren barruan, emanaldi berri bat eskainiko dute gaur (urtarrrilak 9), Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi gelan. 21:30ean hasiko da emanaldia.