Butanoa bizkarrean hartuta Lizarpe gainera nor azkarrago heldu apustua egin dute Mendaron

elgoibarren.net 2013ko urt. 10a, 19:42

 
Apustuak egiteko ohitura asko galdu bada ere, euskaldunon apustuzale famari eutsiz, apustu bitxiak oraindik ere egiten dira bakan batzuk. Mendaron egingo dute horietako bat, urtarrilaren 26an. Butano bonbona betea bizkarrean hartuta Lizarpe gainera nor azkarrago heldu apustua egin dute. Bi mendaroar eta mutrikuar bat lehiatuko dira: Unai Salegi "Sarobe", Jurdan Ezenarro eta Andoni Zubiaurre "Gorixo".



 Apustu bitxia egin dute: butano betea bizkarrean hartuta, Mendaroko udaletxe paretik Lizarpe gainera nor azkarrago heldu. 4,6 kilometroko bidea da, aldapa pikoa, eta 26 kilo bueltako pisua bizkarrean hartuta, aldatzagoa egingo zaie, zalantzarik gabe. 11:30ean irtengo dira udaletxe paretik, eta entrenamenduetan egindako denborak argitu ez badituzte ere, 50 bat minuturen bueltan ibiliko direla zabaldu da herrian.
 Deman arituko diren hiru lagunen artean, Unai Salegik du, ziur asko, eskarmentu handiena apustuen munduan, orain bi urte Mikel Ugartetxea Rubioren aurka jokatu zuen-eta beste apustu sonatu bat. Berak irabazi zuen, gainera. Era berean, elkarren aurka arituko diren hiru lagunak elkarrekin aritu ziren orain gutxi, Kontzezio Azokan egin zuten Gizon proba deman, Mendaroko taldea ordezkatu zuten-eta hirurek.

Lotura duten albisteak: