Sanlok denon begi bistan jarri nahi du Munduko Eskubaloi Txapelketa

elgoibarren.net 2013ko urt. 11a, 13:50

Gaur hasiko da 23. Munduko Eskubaloi Txapelketa, Espainian. Munduko 24 selekziorik onenak lehiatuko dira asmo berarekin: Urtarrilaren 27an jokatuko den finalean egotea. Elgoibarko Sanlo Eskubaloi Kirol Klubak denon begi bistan jarri nahi du Munduko Eskubaloi Txapelketa. “Eskubaloi Mundiala etxetik gertu jokatuko dela-eta, argi eta garbi daukagu, herrira zabaldu behar den berria dela”, adierazi dute Sanloko arduradunek. Munduko Eskubaloi Txapelketa sustatzeko asmo horretan, goiko bideoa osatu dute.
Era berean, Alcorta Forging Group Elgoibarko senior eskubaloi taldekoak Bidasoa Irun taldearen kontra lehiatuko dira hilaren 17an, San Anton egunean, Olaizaga kiroldegian.


 Alcorta Forging Group eta Ecubus Ciudad de Salamanca taldeek elkarren aurka jokatu zuten partiduko irudiekin osatu dute Sanlokoek eskubaloia eta Munduko Eskubaloi Txapelketa sustatzeko bideoa. Espainiako Eskubaloi Federazioak mundiala dela-eta egin dituen kamisetak jaso zituen klubak, eta horiekin batera, jokalariek kamisetak jantzita argazkiren bat ateratzeko eskaera. Klubari, euren buruaren publizitatea egiteko aukera ona zela iruditu zitzaion ideia, eta Iñigo Astigarraga elgoibartarrari eskatu zioten goian ikus dezakezuen promozio bideoa egitea.
Etenaldia Liga txapelketan
 Senior mutilak, hain zuzen ere, ez dira otsailera arte lehiara itzuliko, Munduko Eskubaloi Txapelketa dela-eta ia hilabeteko etenaldia izango du-eta Liga txapelketak. Hala, Trapagaranen jokatuko dute 15. jardunaldiari dagokion partida, otsailaren 3an. Etenaldia egin arren, ez dute guztiz atseden hartuko.
Alcorta vs Bidasoa Irun, San Antonetan
 Izan ere, San Anton Egunean, urtarrilaren 17an, lagunarteko partida berezia jokatuko dute Alcortakoek, historiako euskal talderik handienetako baten aurka: Bidasoa Irun taldea, hain justu ere. Olaizaga kiroldegian izango da partida, 19:00etatik aurrera.

Asteburuko partidak
Asteburu honetan ere izango da Elgoibarren eskubaloiaz gozatzeko aukera, Sanloko hainbat taldek jokatuko dituzte-eta partidak etxean. Hona hemen asteburuko partiden ordutegia:
Zapatua, 12
  • 11:30  ATERPE - MURGIL
  • 12:45  FEDEROPTICOS IKUS - Urnietako
  • 16:00  GABAZ - Egia
  • 17:30  BERISTAIN BANAKETAK - Aloña Mendi
Domeka, 13
  • 10:00  TXARRIDUNA - Aloña Mendi
  • 11:30  BANKOA - DECA
  • 12:45  PNEUMAX - Bergara