Zigilu erakusketak hasiko du bihar San Anton jaietako egitaraua

elgoibarren.net 2013ko urt. 11a, 17:27

Bihar (urtarrilak 12) zabalduko dute zigilu erakusketa Altzolatarren Dorretxea elkartekoek, eta ekitaldi horrekin hasiko dira aurtengo San Anton jaiak. 12:00etan izango da inaugurazio ekitaldia Kultur Etxean. San Anton Pilota Txapelketako bigarren finalerdiak ere gaur jokatuko dituzte Ikastolako frontoian. Era berean, San Anton jaien harira antolatutako ekintzen barruan, Hil arte bizi antzezlana taularatuko du gaur iluntzean Txalo Produkzioak taldeak, Herriko Antzokian.


1706637838750 Zigilu erakusketak hasiko du bihar San Anton jaietako egitaraua

Altzolatarren Dorretxea elkarteak hagina zuhaitzari eskainiko dio aurten zigilu erakusketa, eta inaugurazio ekitaldian zuhaitzari buruzko zigilu-markatzeko berezia jarriko dute. Erakusketa hilaren 20ra arte egongo da zabalik. Astelehenetik zapatura 18:30etik 20:30era eta jai egunetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.
Urtarrilak 17, San Anton eguna
  Urtarrilaren 17an da San Anton eguna da, eta hori ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu Elgoibarko Udalak. Goizean, meza egingo dute San Bartolome parrokian, eta abesbatzak kantatuko du. Umeentzako parkea jarriko dute Kalegoen plazan, eta eguerdirako kontzertu berezia prestatu du Emudafek. Erraldoi eta buru handiak arratsaldez irtengo dira kalera, dultzainero eta zezenzikletekin.

San Anton Torneoko finalerdiak

Mikel Goñi sakea ateratzeko unean, eta hari begira bere atzelaria: Iker Txurruka elgoibartarra. Arg: Aitor.

Barixakuan jokatu ziren San Anton eskuz binakako txapelketako lehen finalerdiak, eta Mikel Goñi eta Iker Txurruka sailkatu ziren finalerako, Kepa eta Arrastoari 22-10eko emaitzarekin irabazita. Jaialdiko lehen partidan, 22 urtez azpikoetan, Ugalde eta Imaz aise nagusitu ziren Juaristi eta Lizarralderen kontra (22-1), eta finalerako txartela eskuratu zuten.
 Bigarren finalerdiak gaur (urtarrilak 11) jokatuko dira. Lehen partidan, 22 urtez azpikoetan, Arrieta eta Ansotegi bikote markinarrak, Unamunzaga eta Aizpururen aurka jokatuko du. Nagusietan, berriz, Atxotegi plaentxiarrak eta Rezusta bergararrak osatutako bikoteak Arrieta eta Kerman Galarzaren aurka neurtuko dituzte indarrak.
  San Anton pilota Txapelketako finalak urtarrilaren 18an jokatuko dira.

‘Hil arte bizi’ antzezlana, Herriko antzokian

1706637838898 Zigilu erakusketak hasiko du bihar San Anton jaietako egitaraua

Hil arte bizi antzezlana taularatuko du gaur iluntzean Txalo Produkzioak taldeak, Herriko Antzokian. Adiskidetasunaren gainean egiten den hausnarketa izango da antzezlanaren oinarria. Natxo, Angel eta Maria hiru lagun dira, betiko hiru lagun, baina gertakari batek arriskuan jarriko du euren arteko adiskidetasuna. Adiskidetasuna eta maitasuna nahastuko dira, eta gertakari horiek gainditu beharko dituzte hiru protagonistek. Komedia eta adiskidetasuna uztartzen dituen tragedia da Hil arte bizi antzezlana. 20:30ean hasiko da ikuskizuna, eta sarrerak hamar euro balio ditu (Gazte Txartelarekin, zazpi euro).