Deba ibaiari begirik kendu gabe

elgoibarren.net 2013ko urt. 15a, 16:01

SOS Deiaken alerta deiak jaso dituzte Elgoibarko eta Mendaroko Udalek eta Uholdeen Arriskurako Larrialdi Plan Bereziak jarri dituzte martxan herri batean zein bestean. (bideoa eta argazkiak dauzka)

 Deba ibaia eta herriko gainerako erreken inguruko guneetan “arreta” mantendu behar dela ohartarazi du Elgoibarko Udaltzaingoak, Deba ibaiaren “alarma maila gaindituta” dagoela-eta. Bart gauean ere ohartarazi zuten, bozgorailuen bidez, Deba ibaiak gainezka egiteko arriskua zegoela. Egoerak onera egin zuen goizerako eta jaitsi egin zen uraren maila. Goizetik hona egin duen euriarekin, baina, berriz ezarri dute larrialdi egoera.

Deba ibaia eta Kilimoia gainezka, Mendaron
  Mendaron, dagoeneko gainezka egin du Deba Ibaiak zenbait puntutan: Errekabarrenen, Kilimoi errekak eta Deba ibaiak bat egiten duten inguruan, esaterako. Hori dela eta Kilimoia behetik gora ari da hazten. Irabaneta baserri parean egin du gainezka Kilimoi errekak, oraingoz.
  Azpilgoeta auzoan, Arranbiden parean, oraindik ez du gainezka egin Deba ibaiak, baina oso hazita dator.
  Era berean, Garagartzako zenbait bizilagun hasi dira garaje eta beheko lokaletatik gauzak ateratzen. Mendaroko alkate Sonia Garciak jakinarazi duenez, SOS Deiak-en abisua jaso dute gaur goizean. “Euri denboralea dela-eta, Uholdeen Arriskurako Larrialdi Plan Berezia martxan jarri dutela azaldu digute”. Goizean 0 mailan zegoela arrisku maila adierazi du Mendaroko alkateak, eta eguerdirako jaso dutela bigarren abisua azaldu du, larrialdi egoerak gora egin duela jakinaraziz. Ondorioz, larrialdi maila batekoa da une honetan, 15:00etan. Mendaroko Udalak bandoa zabaldu du eta portaletan oharrak jarri ditu.
 Arazoa ez da Elgoibarrera eta Mendarora mugatzen, euria gogotik ari du Gipuzkoa eta Bizkaia osoan eta Uholdeen Arriskurako Larrialdi Plan Berezia jarri dute martxan Gipuzkoan eta Bizkaian. Bigarren mailara igo dute arriskua.

Informazio osoagoa: