Iazko urtarrilean hasi zen Elgoibarko Udala hondakin organikoa gaika biltzen. Ordura arte edukiontzi berdean jasotzen zen, eta kalkulatzen da lehen edukiontzi berde horretan jasotzen zenaren %43 inguru zela hondakin organikoa. Hain justu ere, horren %24,6 da gaur egun berrerabiltzeko moduan jasotzen dena. Kilotan, 32.421 kilo jaso ziren, esate batera, joan zen abenduan.
•1.919 familiak eman dute izena
2012an jarri zituzten lehenengo edukiontzi marroiak Elgoibarren. Lehenengoak herrigunean jarri zituzten eta auzoetara zabaldu zituzten gero (urrirako herri osoan zeuden). 4.398 etxe edo familia gonbidatu zituzten hondakin organikoen gaikako bilketan parte hartzera, eta gaur arte 1.919k eman dute izena (familien %44k). Kopuru esanguratsua dela adierazi du Alfredo Etxeberria alkateak gaur eman duen prentsaurrekoan, baina edukiontzi marroiaren erabiltzaile kopurua handitzeko lanean jarraituko dutela nabarmendu du, “herritarren inplikazioa eta borondatezko parte-hartzea bermatzen dituen sistema delako eta horrek dagoen sistemarik egokiena egiten duelako”. “Bilketa sistemak erosoa, eskuragarria, merkea eta garbia” izan behar duela gehitu du horren harira, eta 2013rako lau helburu nagusi jarri ditu: erabiltzaileen leialtasuna ziurtatzea, erabiltzaile kopurua handitzea, jangela kolektiboen gaiari heltzea (enpresak eta merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduak) eta herritarren inplikazioa areagotzen saiatzea, hondakin gutxiago sortzeko eta gaikako bilketaren tasa handitzeko.
•2014rako erronka
2014rako helburu bat jarri dute: Elgoibarren sortzen den hondakinaren %50 jasotzea gaika. Horregatik, Alfredo Etxeberriak dei egin die herritarrei edukiontzi marroirako izena ematera, eta pizgarri gisa, hondakin organikoen gaikako bilketan parte hartzen dutenei ez diete aurten zaborraren gaineko zergan igoerarik aplikatuko.
2014rako helburu bat jarri dute: Elgoibarren sortzen den hondakinaren %50 jasotzea gaika. Horregatik, Alfredo Etxeberriak dei egin die herritarrei edukiontzi marroirako izena ematera, eta pizgarri gisa, hondakin organikoen gaikako bilketan parte hartzen dutenei ez diete aurten zaborraren gaineko zergan igoerarik aplikatuko.
∞Lotura duten albisteak:
- Zaborren inguruko ondorioak (Okil Beltzak, 2012-09-20)
- Herriko auzo guztietara ailegatuko da 5. edukiontzia aste honetan (2012-09-14)
- Santa Ana eta Santa Klara kaleetara maiatzean ailegatuko da edukiontzi marroia (2012-04-24)
- Debabarrena Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen eskualdea dela salatu du Bilduk (2012-04-23)
- Biohondakinen gaikako bilketan izena emateko aukera zabalik oraindik (2012-02-14)
- Aurki iritsiko da Elgoibarrera edukiontzi marroia, biohondakinak jasotzekoa (2012-01-13)