Gutxienez astebetez jarraituko du itxita 634 errepideak Elgoibarren

elgoibarren.net 2013ko urt. 21a, 15:55

Gipuzkoako Foru Aldundiak aditzera eman duenez, luizia gertatu den mendi magala sendotzeko lanak hasiko dituzte bihar, arriskua dela eta, langileak geldi baitaude momentuan. Ondo bidean, mendi magala egonkortzeko lanak astearen ondarrerako amaituko dituztela aurreratu dute. Honenbestez, gutxienez astebetez jarraituko du itxita 634 errepideak, eta herri barrutik bideratuko dute trafikoa luiziak eragindako kalteak konpondu artean. Mendi magalean, 25 bat metrora, zeuden txabolak errepideraino jauzi diren unea ikus dezakezue, besteak beste, gaur goizeko irudiak jasotzen dituen goiko bideoan. (argazkiak eta bideoa dauzka)


  Luizia dela eta, itxita jarraitzen du 634 errepideak, 58. kilometroan, hain justu ere. Era berean, luizia gertatu den ingurua garbitu eta mendi magala sendotzeko lanak astebetez luzatuko direla iragarri dute Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek. Horren ondorioz, 634 errepideko trafikoa ere etenda egongo da.
Trafikoan egon diren aldaketen inguruan prentsa oharra bidali du Udalak eta behin behineko aldaketa horiek ere arazoa konpondu artean egongo direla indarrean jakinarazi dute orain.
  Hainbat ohar eman ditu Elgoibarko Udalak. Batetik, errepidea itxita dagoen bitartean, ezinbestekoa izan ezean herri barruan autorik ez hartzea eskatu du Udalak. Bestetik, Elgoibar zeharkatu nahi dutenei, A-8 autobidea erabiltzeko eskatu diete, eta hirugarrenik, jakinarazi dute Santa Klarako autobus geltokia Trenbide kaleko tren geltokiaren ondoan izango dela, aldi baterako.

70 joan-etorri egin ditu kamioiak
  Foru Aldundiko beharginek gau osoan jardun dute luiziak eragindako kalteak onera ekartzen. Errepide gainera eroritako lur, harri eta zuhaitzak jasotzen jardun dute eta kamioiak 70 bat joan-etorri egin dituela azaldu dute. Goizaldeko 5:30ak ingururako errepideko zikinkeria guztia garbituta zutela ere argitu dute, baina berriz hasi dira harriak eta lurra erortzen eta eten egin behar izan dituzte garbiketa lanak, zegoen arriskuagatik. Udaletik jakinarazi dute bihar arte gutxienez ezingo direla lanean hasi Gipuzkoako Foru Aldundiko beharginak.
•ARGAZKIAK:
 
BIDEOA: