Txapelik irabazi gabe geratu da Txurruka San Anton pilota txapelketan

elgoibarren.net 2013ko urt. 22a, 18:19

 
San Anton Pilota Txapelketako finalak jokatu ziren, joan den barixakuan, Ikastolako frontoian. Nagusien mailan txapela irabazteko aukera ona zuen Iker Txurruka elgoibartarrak. Batetik, etxean jokatzen zuelako, eta, bestetik, eskarmentu handiko pilotariarekin bikote egin zuelako: Mikel Goñi oronoztarrarekin. Aurkariak, baina, gehiago izan ziren. Ioritz Arrietak eta Kerman Galarzak irabazi zuten finala, 22-11 emaitzarekin. (argazkiak dauzka)



Bizkaitarrak nagusi gipuzkoarren aurkako lehian
  Hogeitabi urtez azpikoen finalarekin hasi zen pilota jaialdia. Frontoia ia osorik beteta zegoela kantxaratu ziren finalera sailkatzea lortu zuten lau pilotariak: Ugalde eta Imaz, batetik, eta Iraitz Arrieta eta Ansotegi, bestetik. Oiartzuarren eta markinarren arteko lehian, Arrieta eta Ansotegi bizkaitarrak izan ziren nagusi eta hamaika tantoan laga zituzten Ugalde eta Imaz oiartzuarrak. Meritu handiko garaipena eskuratu zuten pilotari bizkaitarrek, afizionatu mailan nabarmentzen ari diren bi pilotari hartu zituzten-eta mendean. Ander Imazek, esaterako, afizionatuetan prestigio handia duen DV Txapelketa irabazi berri du. Lagunak pilota eskolakoek Iraitz Arrietari eman zioten pilotari onenaren saria.

Mikel Goñiren 'gantxoa'
  Gaztetxoek jokatu zuten finala ahogozagarri ona izan zen Ikastolako frontoian batutako lagunentzat. Pilotazaleen ikusmina, baina, bigarren partiduan zegoen jarrita, etxeko pilotariak eta Mikel Goñik jokatzen zuten-eta. Goi mailako partidak jokatzeari aspaldi laga bazion ere, 35 urteko pilotariak oraindik ere eusten dio bere ezaugarri handiena denari: frontoiak betetzeko gaitasunari, alegia. Iaz, Mendaroko santana jaietan eta Errosarioko jaietan erakutsi zuen moduan, frontoiak betetzen jarraitzen du Goñi IIk eta Ikastolako frontoia ez zen salbuespena izan. Aitzitik, giro aparta zegoen frontoian. Pilotariek, baina, ez zuten harmailetan zegoen grinari behar bezala erantzuten asmatu, eta hotz hasi ziren oso. Goñi eta Txurruka, batez ere. Huts dezente egin zituzten biek partidaren lehen zatian, eta markagailuan aldea hartu zieten Arrietak eta Galartzak. Partiduari buelta ematen saiatu ziren arren, konfiantza handiz jokatzen ari ziren ordurako Arrieta eta Galartza, eta nahiko erraz irabazi zuten partidua, 22-11 emaitzarekin. Ioritz Arrieta aurrelari hernaniarra aukeratu zuten txapelketako pilotaririk onena.
Aulkiak airean
  Gauzak horrela, orain dela 17 urte Elgoibarren lortu zuen txapela berriz irabazteko aukera galdu zuen Mikel Goñik, 1997ko San Anton Txapelketa irabazi zuen-eta pilotari nafarrak. Aatik, bere buruarekin haserre amaitu zuen. Bigarren solairuan dauden aldageletara zihoala airean jaurti zituen bidean topatu zituen aulkiak, eta haietako batek behean zeuden ikusleen artean amaitu zuen. Zorionez, plastikozkoa zen aulkia eta ez zuen inor jo. Haserrealdia baretuta agertu zen gero sari banaketara, eta ez zuen arazorik izan eskatu zioten zaletuekin argazkiak ateratzeko.
•ARGAZKIAK: