Etxegiña taldekoak otsailaren 2an irtengo dira santa eskean

elgoibarren.net 2013ko urt. 23a, 13:53

 
1925ean hasitako ohiturari eutsiz, Etxegina taldeko kideak herriko kale eta auzoetan barrena santa eskean irtengo dira otsailaren 2an. Entseguak, urtarrilaren 29an, martitzenean, eta urtarrilaren 31n, eguena, izango dira, Kultur Etxeko Ganbaran. Etxegina taldeko koruetan parte hartu nahi duenak entseguetara azaldu besterik ez du. 20:00etan hasiko dira entseguak.

 


  Usadio zaharrei eutsiz, aurten ere santa eskean irtengo dira Santa Agedako koruak Elgoibarren. Batetik, Elgoibarko Izarraren koruek baserriak koplatuko dituzte Santa Ageda bezperan, otsailaren 4an. Bestetik, Etxegina taldekoak otsailaren 2an, zapatua, irtengo dira santa eskean. Ohitura duten legez, Bolatokian batuko dira, 9:00etan. Handik, bi taldetan banatuta arituko dira kantuan, harik eta bi taldeek Urazandi auzoan berriz bat egin arte. La Union elkartean hamarretakoa egin ondoren, kaleak koplatuz jarraituko dute guztiek elkarrekin. Ohi duten legez, German Uriguen "Etxegiña" zenak idatzitako salbea abestuz amaituko dute santa eskea, eta gero Baltasar elkartean egingo dute bazkaria.
  • Entseguak, urtarrilak 29 (martitzena) eta urtarrilak 31 (eguena) izango dira, Kultur Etxeko Ganbaran, 20:00etan.
•1925. urtean hasitako ohitura
 Orain dela 86 urte, 1925. urtean, egin zuten Elgoibarren Santa Agedako lehen ateraldia. German Uriguen “Etxegina” zenak honela azaldu zuen estreinako aldi hura Argia astekariari, -Elgoibarko Izarrak egin zion omenaldiaten harira-, 1981. urtean eskaini zion elkarrizketan: “1925. urtean, "Barrutia"nean geunden Estarta, Manu Gabilondo eta neu. Santa Ageda bezpera zen, eta Manu Gabilondok: ‘Santa Ageda kantatzera joango al gaituk?’, eta Estartak erantzun: ‘Bertsolaria non zegok, ba?’; ‘hor, heure alboan’ borobildu zuen Manuk. Horrela irten ginen zortzi edo hamarren bat lagun gaueko zortziretan Olasotik hasita. Elgoibarren ‘Salbea’ lehen aldiz, ‘Txankakuan’ kantatu genuen, hala tokatzen zelako”.
 Jon Peli Uriguenek, “Etxegiñaren” ilobak, gogoan izan zituen hastapenok BARREN astekarian (769. zenbakia PDFan) idatzi zuen iritzi artikuluan.