Napoka Iriak Eibarko Coliseoan eskainiko du kontzertua barixakuan

elgoibarren.net 2013ko urt. 24a, 11:07

 
Napoka Iria musika taldeak kontzertu berezia emango du barixakuan (urtarrilak 25), Eibarko Coliseoan. Era berean, beste kontzertu berezi baten berri eman dute. Izan ere, Napoka Iria hasierako talde gonbidatua izango da Julieta Venegas mexikarrak Getariako Balenziaga Museoan emango duen kontzertuan. Kontzertu hori, martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, izango da.

 
 

  Eibarko Coliseoa euren lana erakusteko “toki aproposa” dela adierazi dute Napoka Iria taldeko kideek, Miren Narbaiza eibartarrak eta Ander Mujika elgoibartarrak. Ordubete pasatxo iraungo duten kontzertua eskainiko dute eta hiruzpalau kantu berri abestuko dituzte. Horrez gain, bi gonbidatu bereziren laguntza izango dute: Maite Arroitajauregik (Mursego) txeloarekin eta Andoni Mujikak (Andrakan, Napoka Band) bajoarekin lagunduko diete-eta (azken hau Anderren anaia).
Coliseoa Antzokian emango duten kontzertua 20:30ean hasiko da.

Lan berria grabatuko du Napoka Iriak apirilean.

2005ean sortu zuten Napoka Iria eta handik urtebetera lehenengo maketa aurkeztu. Bigarrena 2008an kaleratu zuten eta hori aprobetxatu zuten Japoniatik jira egiteko. 2011n, ”Lehertarazi edifizioak” aurkeztu zuten (entzun hemen abestiak). Hurrengo lana udarako prestatzeko asmoa dute. Apirilean hasi nahi dituzte grabaketak eta, horregatik, ez dituzte zuzeneko emanaldi askoz gehiago eskainiko hurrengo hilabeteetan.
Julieta Venegasen telonero

1706637807610 Napoka Iriak Eibarko Coliseoan eskainiko du kontzertua barixakuan

Baieztatuta dituzten kontzertuen artean, otsailaren 8an Oñatin izango dira, 16an Agurainen... Madrilen eta Bartzelonan bira bat egiteko asmoa ere badute martxoan, eta begira daude Italian eta Frantzian hainbat kontzertu lotzeko ere. Eta martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, Julieta Venegas abeslari mexikarrarekin batera eskainiko dute konzertua, Getariako Balenziaga Museoan.