Elgoibarko Udalak 12.553.991 euroko aurrekontua onartu du 2013rako. Azkeneko urteetako fondo foralaren bilakaera ikusita (likidazio negatiboak eta dirua bueltatu behar izana), 2012. urteko eta 2013ko aurrekontuetan udalak fondo horren emaitza negatiboak aurreikusi ditu. Horrek eragina du aurrekontu osoarengan. Salbuespen hori kontuan izan gabe, oraingo aurrekontua 2012koa baino %1,66 handiagoa izango litzateke.
Udalaren zorpetze maila, berriz, 233.023 eurokoa da. Berez, Espainiako Gobernuaren aurrekontuen egonkortasunerako legeak zehazten du udalen zorra ezin dela sarrera ez finantzarioen %55,61 baino handiagoa izan, eta Elgoibarko Udalarena %1,66koa da.
•2013rako inbertsioak
Inbertsioetarako milioi bat euro pasatxo lotu dituzte: 1.001.000. Horietatik 300.000 euro urtero egiten diren mantentze lanetarako izango dira, eta gainerakoak obra berrietarako. Honako hauek dira aurreikusten diren inbertsio berriak:
- Pedro Migel Urruzuno kaleko (ondoko arg.) obren bigarren fasea (163.000 euro)
- Pilar ikastetxea eraistea (200.000)
- EPA Helduentzako alfabetatze eskolan ikasgela berriak egitea Gabriel Kurutzelaegin (137.000)
- Landa-lurren mantentze lanak (100.000)
Hirigintza sailekoak dira inbertsio nagusiak, eta atal horretan Bilduelgoibar udal taldeak hiru ekarpen egin zizkion Udal Gobernuari: Altzolarako inbertsio plana egitea, herrian aisialdirako gune bat estaltzea, eta Altzolan auzo-konpost egitasmoa abiatzea. Ekarpenak ontzat jo ditu Udal Gobernuak, baina aldaketa batzuekin. Bilduelgoibarrek 100.000 euroko inbertsioa aurreikusten zuen Altzolarako inbertsio plana egiteko, baina azkenean inbertsio plan hori hiru urterakoa izango da, eta Altzolaz gain Sigma auzoa ere hartuko du (300.000 euroko inbertsioa izango da, hiru urtean egitekoa). Bestetik, estalpea egiteko 100.000 euroko inbertsioa aurreikusten zuen Bilduk, baina diru horrekin ezin daitekeela estaldura duinik egin arrazoitu du Udal Gobernuak eta proiektu hori 2014. urterako lagatzea erabaki dute azkenean. Guztira, hamabost proposamen egin ditu bilduelgoibarrek, eta bi ez beste guztiak onartu dizkiote. Nazio eraikuntzarako Udabiltzarentzat eskatutako 15.000 euroko diru ekarpena eta nazioarteko elkartasunerako, Euskal Fondorako, eskatutako 20.000 euroko ekarpena dira atzera bota dizkiotenak.
•Mendaroko Udal Aurrekontua 2.171.300 eurokoa da
Mendaron, berriz, urtea amaitu aurretik onartu zituzten aurrekontuak (ikus hemen/PDF), Bilduren botoekin. EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren. Mendaroko Udal Aurrekontua 2.171.300 eurokoa izango da aurten, iaz baino %0,43 handiagoa. Sailka aztertuta, zerbitzuen sailak jasoko du diru gehien: 458.400 euro hain justu ere (aurrekontuaren %21). Gizartegintzara bideratuko da aurrekontuaren %18. Iaz, 348.750 jaso zituen Gizartegintza sailak, eta aurten zertxobait gehiago: 382.600. Gainerako sailetan murrizketak izan dira. Kulturan, esaterako, iaz baino 6.300 euro gutxiago inbertituko dira. Iaz, 312.000 euro bideratu ziren kulturara, eta aurten, berriz, 305.700 euro (aurrekontuaren %14). Nekazaritzan, bestalde, jaitsiera nabarmena izan da. Dirutan, 19.500 eurokoa.
- Mendaroko eta Elgoibarko Udal Aurrekontuen inguruko informazio osoagoa eta alderdien balorazioak: BARREN aldizkariko 851. zenbakian (PDF)
∞Lotura duten albisteak:
- Udal aurrekontuak herritarrekin lantzeko batzarrak antolatu ditu Bilduk (2013-01-03)
- 12,7 milioi euroko aurrekontua onartu du Udalak, aurrekoa baino %5 txikiagoa (2012-01-27)
- Aurtengoa baino %6,4 txikiagoa den aurrekontua 2012rako (2011-12-20)
- 2008an baino %1,5 txikiagoa izango da aurten Udalaren aurrekontua (2009-01-08)
- Udal talde guztien babesarekin onartu du 17 milioi euroko aurrekontua Udalak (2008-02-01)
- Iaz baino 1.341.561 euro gehiagoko aurrekontua onartu du Udalak (2007-02-08)