Maila igoerak eskatzen dituen eskakizunetara egokitzeko talde bat sortu du Conceptok

elgoibarren.net 2013ko urt. 30a, 15:43

Aurreikuspen onenak ere gainditu dituzte Debabarrena Concepto Egile areto futbol taldeko mutilek. Ligako lehen itzulia sailkapeneko lehenengo hiruren artean amaitzea jarri zuten helburutzat, baina lider daude, sekulako erakustaldia emanda: jokatu dituzten hamahiru partidetatik bat ez beste guztiak irabazi dituzte, eta bestea berdindu, eta golik gehien sartu dituen taldea dira (64). Bigarren itzuli osoa gelditzen da oraindik, baina ilusioz dira taldekideak, eta jada hasiak dira Bigarren Mailara igotzeak zer suposatuko lukeen aztertzen.

  Mailaz igotzeak 400.000 euro inguruko aurrekontua eskatuko lukeela aurreikusi dute, eta dena lotzeko, babes talde bat sortu dute gaur egungo zuzendaritzarekin elkarlanean jardungo duena. Klubaren beraren eskualdeko izaerari jarraituz, Elgoibar, Eibar eta Ermuko jendeak osatzen dute babes talde hori.
"Ametsa betetzen ari gara"

Jose Ramon Iriarte, Asier Orbea, Idoia Azpilikueta, Ricardo Garate, Santi Fernandez, Edorta Silva eta Gorka Alkorta.

Sei multzo daude areto futboleko Bigarren B mailan, eta 98 taldek jokatzen dute. Concepto Egile Debabarrenako taldea lider da bere multzoan, Zierbena bigarren sailkatuarengandik sei puntura. Asko okertu beharko litzateke beraz kontua igoera fasea jokatzetik kanpo gelditzeko. Izan ere, multzo bakoitzean lehenengo sailkatzen direnek eta bigarren egiten duten lau onenek jokatuko dituzte berez play off-ak, maiatzaren 18an eta 25ean. Horregatik prest egon nahi dute. “Ikaragarria da lortu duguna. Ametsa betetzen ari gara. Klubak 25 urte beteko ditu aurten, eta polita litzateke lehen horren zaila ikusten genuena gauzatzea”, esan zuen prentsaurrekoan Jose Ramon Iriarte Concepto Egileko presidenteak. “Areto futboleko Euskadiko lehen taldea izatea da gure helburua”, gehitu zuen.

Mugertza kroseko antolatzaileei omenaldia
 Herrira begira ere hainbat ekintza aurreikusten dituzte egitea, areto futbola plazaratzeko. Zapatuan, Siguenza taldearen aurka, 19:30ean Olazaigan jokatzekoa duten partidan, esaterako, Mugertza Kroseko antolatzaileak omenduko dituzte, eta apirileko azken zapatuko ferian txosna jarriko dute Kalegoen plazan. Ekaineko bigarren asteburuan, karpa jarriko dute Maalan, eta etxean jokatzen dituzten partidetan herriko dantzari eta musikariak gonbidatuko dituzte, atsedenaldiak girotzeko. Idoia Azpilikueta eta Santi Fernandez arduratuko dira ideia guzti horiek gorpuzten. Hala ere, klubetik adierazi dute lantaldeak irekiak direla eta parte hartzera deitu diete herritarrei.

Garaipen argia Colo-Coloren aurka
 Gogor jarraitzen du Concepto egile areto futboleko taldeak. Ligako lehenengo itzulia lidergoan amaitu zuen, partidarik galdu gabe. Eta bide beretik hasi du bigarren itzulia ere. Zaragozan jokatu zuen bigarren itzuliko lehen partidua eta 3-6 irabazi zion Colo-Colo taldeari.