Iñaki Hernandez IMHko ikaslea World Skills Spain proban lehiatuko da

elgoibarren.net 2013ko urt. 31a, 13:11

 
IMHko ikasle Iñaki Hernandezek (ondoko argazkian) Euskadi ordezkatuko du Madrilen jokatuko diren World Skills Spain Lanbide Heziketako Olinpiadetan, otsailaren 13an. Eusko Skills lehiaketan urrezko domina irabazi zuen Hernandezek, Torneaketa CNC modalitatean.


 Goi-mailako heziketa zikloetako Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa ikasten dihardu Iñaki Hernandez azpeitiarrak Elgoibarko Erreminta Makinaren Institutuan. Ikasketak iaz hasi zituen arren, emaitza ezin hobeak lortu zituen maiatzean egin ziren Eusko Skills probetan. Berak irabazi zuen proba, eta, hortaz, World Skills Spain probetan parte hartzeko sailkapena. Otsailaren 13tik 16ra jokatuko da Madrileko Ifema azoka gunean. Sari banaketa otsailaren 17an izango da. Iñaki Hernandezek azarotik hona dihardu txapelketa prestatzen, Jon Egaña irakasle eta tutorearen gidaritzapean. “Lan fina egiten dihardu Iñakik eta ondo prestatuta iritsiko da Madrilera” ziurtatu du Egañak.
 IMHko beste ikasle batek, Larraitz Urangak, irabazi zuen iaz World Skills Spain proba. Beraz. Era berean, Hernandez eta Egaña ez dira izango IMHk Madrilen izango dituen ordezkari bakarrak, Igor Larrañaga irakasleak ere hartuko du-eta parte, aditu gisa.
  Skillsak lanbide heziketa sustatzeko antolatzen dira urtetik urtera.
 
Lotura duten albisteak: