Zuhaitz Gurrutxaga: “Lehen mailan egin nuen debutak eta debut sexualak zerikusi handia izan zuten"

elgoibarren.net 2013ko ots. 1a, 09:21

Zuhaitz Gurrutxagak onartzen du gauza interesgarririk ez esatearen fama dutela futbolariek. Alegia, nahiago dutela politikoki zuzenak diren adierazpenak egin eta kazetarien bazka diren titular potolorik ez ematea. Gaur gauean Herriko Antzokian eskainiko duen bakarrizketan ez duela futbolariek esan ohi dituzten esaldi aspergarririk botako hitz eman du. Goiko titularra duzue horren lekuko. (elkarrizketa dauka)

 Zuhaitz Gurrutxaga futbolariaren beste aurpegi bat ezagutzeko aukera izango da gaur (otsailak 1). Lehen mailan jokatu zueneko istorio eta abenturak bildu ditu aiastiarrak, eta Confidencias de un futbolisto bakarrizketan kontatuko ditu. Herriko antzokian izango da ikuskizuna, 20:30etik aurrera. Azalduko dituen istorioen aurrerapen txiki bat egin du BARRENi eskaini dion elkarrizketan.
 
'Confidencias de un futbolisto' bakarrizketa aurkeztuko duzu. Futbolistoa zu izango zara, jakina, baina zein sekretu kontatuko dituzu?
Gauza interesgarririk ez esatearen fama daukagu futbolariok. Futbolaren inguruan sortzen diren eta inoiz kontatzen ez diren pasarteak azaltzera nator ni. Benetan diot, politikoki zuzenak diren eta futbolariok esan ohi ditugun esaldi aspergarririk ez dudala botako.

Lehen mailan jokatu zenueneko istorioekin osatu duzu bakarrizketa. Nola gogoratzen duzu etapa hura?
Lan ordu gutxi, soldata bikaina, diskoteketan sartzeko kolarik egin beharrik ez, eta ligatzeko inoiz baino aukera handiagoa! Gauza txarren bat edo beste ere bizi izan nuen, baina balantza positiboa izan zen.

Kanpotik bizi duzu orain Lehen Maila. Jokalari moduan ala zale moduan sufritzen duzu gehiago?
Jokalari moduan. Probintzi oso bat, zuk egiten duzunari begira egotea presio handia da. Ikusle bezala esan behar dut, orain ez dudala ia partidurik ikusten.

Javier Clementerekin egin zenuen debuta Realean. Zer esan dezakezu Clementeri buruz?
Zorte handia izan nuen bi urtez Clementerekin egotean. Berarekin bizitako istorioekin soilik pare bat bakarrizketarako materiala izango nuke. Herriko Antzokian berari buruz ere hitz egingo dut.

1706637779147 Zuhaitz Gurrutxaga: “Lehen mailan egin nuen debutak eta debut sexualak zerikusi handia

Zein dira sekula ahaztuko ez dituzun jokalariak eta entrenatzaileak?

Luiz Alberto jokalari brasildarra etorri zait burura. Berak gonbidatuta pasa nituen nire bizitzako momenturik onenak Rio de Janeiro moduko hiri batean. Lagun onak egin ginen. Entrenatzaile bezala, nola ez, Clemente aipatu behar. Berari zor diot gaur egun etxearen hipotekarik ordaindu beharrik ez izana-eta.

Hasselbaink zaintzen egin zenuen debuta Anoetan, eta txartel gorria ikusita kaleratu zintuzten partida hartan. Hala ere, debut laburragoak izan dituzula jakin dugu...
Edozein alorretan ere, debut ona egitea ez da erraza. Aitortu behar dut nire debut sexualean ez nintzela minutu eta erdira ere iritsi. Bakarrizketan pasarte honetaz ere arituko naiz, lehen mailako debuta eta debut sexualak zerikusi handia izan baitzuten.

Zerk ematen dizu beldur handiagoa, Anoetak ala Herriko Antzokiak?
Anoetan nerbio galantak pasatakoa naiz. Asko sufritzen nuen garai hartan. Herriko Antzokian eta bakar-bakarrik taularatzeak ere errespetu handia ematen dit, baina zinez diot, gehiago disfrutatzen dudala eszenatokian futbol zelaian baino.

Futbolari, abeslari eta orain bakarrizketalari. Vanpopelen abesti baten arabera, zure aitak oso bestelako etorkizuna zeukan zuretzat...
Belaunaldi bateko jendearentzat farandula edo espektakuloaren bizia ez dira ogibide serio-serioak. Niretzako bestelako etorkizuna zeukan irudikatuta aitak bere baitan, tornuan edo fresadoran, seguruenik, baina oraingoz, beste bide batzuk probatu nahi ditut.

Zer diote etxekoek zure fazeta berri honi buruz?
Aita ari da onartzen pixkanaka, jendeak gustura ikusten dituela nire emanaldiak. Ama eta arreba, berriz, ni baino urduriago jartzen dira ikuskizun bat ematera noanean. Dena dela, era batera edo bestera, guztien babesa daukat.

Zuk esana da neskekin ligatzeko hasi zinela gitarra jotzen. Zuhaitz futbolariak ala artistak ligatzen du gehiago?
Dudarik gabe lehen mailan jokatzen nuenean ligatzen nuen gehien. Hirugarren mailako futbolaria izateak ez du emaitza onegirik ematen neskatan egiteko garaian. Eszenatokira igotzeak eman ohi du nolabaiteko morboa, baina Realeko jokalari izatea bezalakorik ez dago guapo sentitzeko.

Iaz Lemoan eman zenuen denboraldia ez zen batere erromantikoa izan, ezta?
Zazpi hilabete ezer kobratu gabe egon ostean, daukadan oroitzapenik “erromantikoena”, futbol zelaian, korner inguruan, margarita eder asko egon ohi zela da.

Beasainen diharduzu gaur egun futbolean. Egunez futbolari eta gauez artista. Kontrajarrita dauden bi alor dirudite. Nola uztartzen dituzu?
Ez da erraza. Gogorra da kontzertu bat bukatu, Vanpopeleko taldekide guztiak festan gelditu, eta nik etxera zintzo joan beharra, hurrengo egunean partida dudala-eta. Momentuz, baina, nire ogibidea futbola da, eta nire burua zaindu beharra daukat.

Futbolariak "politikamente korrektoak" izan behar dutela dirudi. Zer gertatzen zaie hala ez direnei?
Kazetariak egunero beraiek zer esan egongo liratekeela, egunkarietako titular handienak bilatu nahian. Suposatzen dut, futbolariak nahiago duela lasai-lasai bizi, etengabe kazetarien galdeketak jasan gabe.

Taula gainera igotzen zarenean zure benetako istorioak kontatzen dituzu. Ikusleen aurrean biluztu egiten zara, nolabait esateko. Ez al dizu lotsarik ematen?
Beti pentsatu izan dut oroitzapenak ez galtzeko bide bakarra, sarritan kontatzea dela. Nik hala egiten dut, eta horregatik dauzkat garai bateko istorioak horren garbi memorian. Badakit gainera, jendeak pozik entzuten dituela, eta horrek lotsa guztiek adina balio du.

Nola bururatu zitzaizun bakarrizketak egitea? Vanpopelekin ere abestu baino gehiago hitz egiten zenuen batzuetan... Batzuentzat hori izango zen agian onena, ezta?
Kontzertu guztietan, abestu aurretik istorioren bat kontatu ohi dut, kantuaren letra ulertarazi asmoz. Konturatu naiz, jendeak arretaz jarraitzen dituela bizipen horiek, eta horrexegatik animatu naiz gitarra albo batera utzi eta bakarrizketen munduan murgiltzera.

Aiastiarra, baserritarra, euskalduna... Gazteleraz abesten hasi zinen zure neskalagunak euskaraz ez zekielako. Zergatik bakarrizketa gaztelaniaz?

1706637779239 Zuhaitz Gurrutxaga: “Lehen mailan egin nuen debutak eta debut sexualak zerikusi handia

Kontatzen ditudan istorioak futbol munduan gertatutakoak dira, ezagutu ditudan pertsonai askorekin izandako bizipenak. Pasarte gehienak gaztelaniaz bizi izan ditut, eta errealismo osoa eman nahi diot bakarrizketari. Momentuz, bizi izan nituen hizkuntzan kontatzea erabaki dut. Espero dut aurrerago, euskaraz beste ikuskizunen bat prestatzea. Hori da nire nahia.

Euskaraz umorea egitea oso gutxik lortzen dutela diote. Zailagoa iruditzen zaizu?
Niri zailagoa egiten zait, bai. Zenbait lekutan, sanmigeldarrez berba egin eta ongi ulertuko ez nauten beldurra izaten dut, eta euskera batuan naturalidade pixkat galtzen dudala deritzot. Dena dela, niretzako erronka handia da egunen batean euskaraz umorezko ikuskizun bat aurkeztu ahal izatea. Berandu baino lehen hala izango delakoan nago.

Gauean ikusiko dugunaren aurrerapen bat?
Lehen mailako debuta baino bost minutu lehenago Clementek esan zizkidan hitzak, Miss Playboy neska eder batekin izan nuen debut sexuala, Rayo Vallecanon nintzela Madrilen ezagutu nituen diskoteka guztiak, Lee Chun Soo korearrarekin bizi izan nituen abentura paregabeakÖ Eta askoz gehiago.