23 urteko elgoibartarra zauritua, moto istripuan

elgoibarren.net 2013ko ots. 4a, 10:58

 
Hogeita hiru urteko gizonezko elgoibartarrak, motoan zihoala haizeak botatako zuhaitz bat jo zuen. Joan den zapatu eguerdian gertatu zen istripua, Larruskain auzoan (Markina) dagoen Arnoate mendiaren inguruetan. Ertzaintzaren helikoptero batean atera zuten zauritua eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten.


 Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, zapatuan gertatu zen istripua, 13:10ean. SOS Deiak-en 112 telefono zenbakian dei bat jaso zutela azaldu dute. Motoan zihoan gidari batek egin zuen deia, berarekin batera, baina beste moto batean, zihoan moto gidariak istripua izan zuela aditzera emanez. Deiari erantzunez, Ertzaintzaren Erreskate Talde bat helikopteroz joan zen istripua gertatu zen lekura, Arnoate mendira. Istripua izan zen lekuan bertan artatu zuten zauritua, 23 urteko Elgoibarko bizilaguna. Zituen zauriak ikusita, baina, ospitalera helikopteroz eramatea erabaki zuten, Bizkaiko Gurutzeta ospitalera, hain justu ere.