Egur Sport enpresak antolatu du, Mendaroko Udalaren babesarekin, domekan Mendaroko Goñati pilotalekuan egingo duten herri kirol jaialdia. 12:00etatik aurrera, harrijasotze saioa eta aizkora txapelketa uztartuko ditu jaialdiak.
Sarrerak, Txirristaka eta Uztargi tabernatan eros daitezke, 5 euroan aldez aurretik erosiz gero, eta 15 euro egunean bertan takilan erosita. Umeek ez dute sarrerarik ordaindu behar.
•Izeta II.-aren erronka berria
Gaur egungo harrijasotzailerik nabarmenetakoa da Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II (Aia, 1967). Duela 30 urte hasi zen harriak jasotzen, eta harrezkero makina bat marka jarri eta ondu ditu. Horiekin ase ez eta beste erronka bat jarri dio orain bere buruari, Aritza harrijasotzaile mitikoaren harriak erabiliz marka jartzen ahaleginduko baita Mendaron.
- Informazio osoagoa: Urola Kostako Hitzan Izetari egin dioten elkarrizketan.
Eusko Label Binakako Aizkora Txapelketako finalerdiak ere jokatuko dira Goñati pilotalekuan. Joseba Otaegik eta Unai Otañok osatutako bikoteak Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertzaren aurka neurtuko dituzte indarrak. ETB1-ek eta ETB-Sat kateek zuzenean emango dute Mendaroko herri kirol saioa.