Martxoaren 20an ailegatuko da 18. Korrika Elgoibarrera

elgoibarren.net 2013ko ots. 6a, 13:15

Gaur aurkeztu dute Bilbon Korrikaren 18. edizioaren ibilbidea. Elgoibarrera martxoaren 20an ailegatuko da, 20:27ean. Korrikaren ibilbidea, aurten ere, ez da Mendarotik pasako. Berrikuntza gisara, aplikazio bat prestatu dute antolatzailek, Korrikak uneoro herri bakoitzera ailegatzeko zenbat kilometro eta zenbat denbora falta duen jakiteko.


1706637773498 Martxoaren 20an ailegatuko da 18. Korrika Elgoibarrera

2013ko martxoaren 14an Andoainen hasiko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia. 11 egunez gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du hamazortzigarrenez, martxoaren 24an Baionara heldu arte. Orotara, bi mila kilometro baino gehiago egingo ditu. Elgoibarrera, Soraluze aldetik ailegatuko da Korrika, eta herria zeharkatu ostean, Azkoitirantz egingo du.
 Orain bi urte egin zen azkenengo Korrikan ere asteko egun eta ordu bertsuan pasa zen Korrika Elgoibartik.
  18. Korrikak egingo duen ibilbidea aurkeztu dute gaur AEK-ko arduradunek Bilbon. Eman euskara elkarri da aurtengo edizioaren leloa. Hitzon bidez, euskara “kohesiorako tresna” eta “elkarbizitzarako gakoa” dela aldarrikatu nahi dute, eta hizkuntzaren erabileraren garrantzia nabarmendu. Hori dela eta, euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasleei egin diete omenaldia. (iturria: berria.info)