Euriak ez zuen zapuztu inauterietako zapatua

elgoibarren.net 2013ko ots. 11a, 15:20

Euripean baina jai giroan ospatu zuten Inauterietako zapatua elgoibartarrek eta mendaroarrek. Alabaina, mozorroen festa ez da oraindik amaitu. Bihar, martitzenean, izango du segida. Lehenik, mozorroen topaketa egingo dute Kalegoen plazan, eta gero, kaleko musikariak eta Mauxitxa txarangaren kalejira izango dira. (Zapatuko argazkiak, bideoa eta Mozorro lehiaketako emaitzak dauzka)


  Eguraldi makurra egin zuen barixakuan eta zapatu arratsaldean eta, dudarik gabe, izan zuen eragina mozorroen festan. Hala eta guztiz beti dago giro txarrari aurpegi ona jartzeko prest dagoen norbait. Are gehiago inauterietan. Elgoibar Ikastolak antolatutako Euskal Inauteriekin hasi ziren barixakuan inauterietako ospakizunak Elgoibarren, baina euria zela-eta ezin izan zuten ikastetxetik irten. Herriko kaleetan ezin, eta Ikastetxeko areto nagusia eta frontoia kolorez jantzi zituzten ikasleek. Zapatu arratsaldean, berriz, etxeko txikienak izan ziren protagonista. 12 urtera bitarteko umeentzat Atxutxikaraokea egin zuten Kalegoen plazan. Ia atertu gabe egin zuen euria, baina gaztetxoek ez zuten kanturako gogorik galdu, eta behin eta berriz igo ziren lagun taldeak eszenatokira.
 Koko-dantzek ere estreinaldi bustia izan zuten Elgoibarren. Kalegoen plazan hasi zuten desfilea, eta Mauxitxa txarangarekin batera jardun zuten kalez-kale dantzan.

Mozorro lehiaketako irabazleak
 Gauean, 00:30ean, Elgoibarko Izarrak antolatutako Mozorro Lehiaketa egin zuten Maalako parkean. Taldekako lehen saria (275 euro), Gure Haurtxoak taldeak irabazi zuen. Iazko inauteriean ere lehen saria eskuratu zuen talde honek, Carlinhos Brown eta bere dantzariak irudikatuz orduko hartan. POTT´or Banda taldeak eskuratu zuen bigarren saria (175 euro). Banakako alorrean 125 euroko saria lortu zuen Lan Bila Nabil izeneko mozorroarekin aurkeztu zen lagunak. Azkenik, Motoristak izeneko taldeak irabazi ziuen Koreografia Onenaren saria (125 euro). “Landutako” jantzi eta koreografiak aurkeztu dituztela aurtengoan parte hartzaileek azaldu dute antolatzaileek. Lehiaketa ikusten ere jende dezente egon zela gaineratu dute.
ARGAZKIAK: (argazki guztiak Picasan)