Ikuskizun eszenikoetarako bonoa sortu du Kultura Sailak

elgoibarren.net 2013ko ots. 14a, 14:58

 
Zinemarako egin duen bezala, ikuskizun eszenikoetarako bonoa sortu du kultura Sailak. Bi ikuskizunetarako sarrera erosita, hirugarren saioa doan ikusteko aukera eskaintzen du bonoak. Hain zuzen ere, barixaku honetan (otsailak 15) izango da bonua erabiltzeko lehen aukera, Fernandio Castets eta Juan J. Campanella gidoilarien El hijo de la Novia filmaren antzerki egokitzapena taularatuko baitu Ados Teatroa konpainiak Herriko Antzokian.


Amaia Txurruka eta Blanca Salegi, Kultura zinegotzi eta teknikaria, hurrenez hurren.

13 urtetik gorako edonork eskuratu dezake ikuskizun eszenikoetarako bonoa, Udaleko Kultura Sailean edota posta elektronikoz, kultura@elgoibar.net helbidera idatzita. Txartela erabiltzaileak bakarrik erabili ahal izango du. Horregatik, txartel-saltzaileak sarrera ematerako orduan nortasun agiria eskatu ahal izango dio, erabiltzailea txartelaren titularra dela jakin ahal izateko. Bonuaren bi laukitxoak zigilatu ondoren, erabiltzailea hurrengo ikuskizun eszenikoa ikustera doanean, txartela entregatuko du leihatilan, eta txartel-saltzaileak sarrera bat oparituko dio. Informazio gehiago eskuratzeko, kultura Sailera jo daiteke: 943 742 158.
Hona hemen Bonuen inguruan jakin beharrekoak.
  1. Bonuak, Kultur Etxeko Kultura Sailean jasoko dira doan. Bonuak posta elektronikoz ere eskatu ahal izango dira (kultura@elgoibar.net), eta Herriko Antzokiko leihatilan jaso beharko dira. Bonu bakoitzean erabiltzailearen izena eta NAN zenbakia idatziko dira. Bonuak, gutxienez, bi urteko iraunaldia izango du, eta 13 urtetik gorakoentzat izango da.
  2. Bonuak eskatzen dituztenen datuak Kultura Sailaren esku geldituko dira datu-base bat egiteko. Datu-base hori, erabiltzaileei ikuskizun eszenikoei buruzko informazioa emateko erabiliko da. Gainera, hala nahi izanez gero, erabiltzaileei beste kultur jarduera batzuen gaineko informazioa ere bidaliko zaie.
  3. Bonuaren bidez, ikuskizun eszenikoetarako bi sarrera eskainiko dira. Bonuaren jabea leihatilara joango da sarrera erostera, eta txartel-saltzaileak bonuan azaltzen diren bi laukitxoetako bat zigilatuko dio. Sarrera Internet bidez erosten baldin badu, erabiltzaileak sarrera eta bonua eramango ditu Antzokira, eta txartel-saltzaileak bonua zigilatuko dio.
  4. Txartela erabiltzaileak bakarrik erabili ahal izango du. Horiek horrela, txartel-saltzaileak sarrera ematerako orduan nortasun agiria eskatu ahal izango dio, erabiltzailea txartelaren titularra dela jakin ahal izateko.
  5. Bonuaren bi laukitxoak zigilatu ondoren, erabiltzailea hurrengo ikuskizun eszenikoa ikustera doanean, txartela entregatuko du leihatilan, eta txartel-saltzaileak sarrera bat oparituko dio. Bonuaren titularrak sarrera Internet bidez erosi nahi baldin badu, hamar eguneko aurrerapenarekin, Kultura Sailera deitu beharko du gogoko duen eserlekua gordetzeko. Horretaz gain, txartel-saltzaileak beste txartel bat emango dio erabiltzaileari, eta bertan, erabiltzailearen izen-abizenak eta NANaren zenbakia idatziko ditu. Txartel-saltzaileak erabilitako txartela Kultura Sailean entregatuko du.

1706637756427 Ikuskizun eszenikoetarako bonoa sortu du Kultura Sailak

‘Emaztegaiaren semea’ antzezlana, barixakuan

‘Emaztegaiaren semea’ izeneko filmean oinarritutako trajikomedia ekoiztu du Ados Teatroak, eta barixaku honetan taularatuko dute Elgoibarko Herriko Antzokian. Emanaldia euskaraz izango da, eta 20:30ean hasiko da. Sarrerak Servikutxa zerbitzuaren bidez eros daitezke, 943 001 200 telefono zenbakira deituta edota www.kutxa.net helbidean.

 Gertakizun nagusi bi dira egitura tragikomikoaren oinarria, gurasoen ezkontza eta familia-jatetxea den zorigaiztoko negozioa kate multinazional bati saldu beharra: aurrera egiteko enpresari txiki horren trikimailuak, bere balioek inolako baliorik ez dutela ikusten ari den agurea, oroimena galdutako atsoa… Ikuslea barre algaratik negargurara eramaten duten pertsonaiak eta egoerak, emozio bi horiez berdin gozaraziz. Azken batean, bizitzaren beraren pasarteak eszenan. Gutako edonori gertatutako edo gerta dakizkiokeen istorioak.
 
Zine bonuak harrera ona izan du

231 zine-bonu tramitatu ditu Kultura Sailak, urtarrilaren 7tik gaur arte.

Elgoibarko Udala 2013ko urtarrilaren 7an hasi zen zine-bonuak eskaintzen. Eta, Kultura Saileko arduradunek adierazitakoaren arabera, bonuak "oso harrera ona" izan du. Hala, gaurko egunera arte, 231 zine-bonu tramitatu dira. Horietatik 147 bonu emakumeei egin dizkietela argitu dute, eta 84 gizonezkoei. 
  Era berean, orain arte egin diren bonu guztien artetik, 217 bonuren titularrak elgoibartarrak dira, eta 14 bonuren titularrak, berriz, Elgoibar inguruko herrietakoak: Azpeitia, Azkoitia, Bergara, e.a
  Kultura Sailak emandako datuen arabera, 2013ko lehenengo bost asteburuetan 882 lagun joan dira zinemara Elgoibarren. Hau da, iaz sasoi berean baino %33,7 handiagoa izan da zine ikusle kopurua, 2012ko lehen bost asteburuetan 584 lagun joan ziren-eta filmeren bat ikustera Herriko Antzokira. "Oraindik azkarregi da ikusle hazkunde hori zine-bonuaren ondorioa den, ala programatutako filmeen ondorioa den esateko; izan ere, gero eta lehenago ematen ditugu filmak. Horri esker ere, jende gehiago joaten da zinera. Hala eta guztiz ere, bi urte horien arteko aldea, dagoeneko esanguratsua da", adierazi du Amaia Txurruka Kultura zinegotziak.