Zapatuan Belagua eta Zuriza artean dagoen Txamantxoia mendira igoera bi eginez jokatu zuten bakarkako txapela. Wilfrid Jumere eskiatzaile frantziarra izan zen azkarrena eta Iñigo Lariz elgoibartarra bigarren sailkatu zen. Javier Tirapu nafarra ailegatu zen hirugarren. Tirapu eta bera gogotik saiatu ziren arren, ez zutela frantziarraren pareraino ailegatzerik izan adierazi du Larizek. Bigarren postuari esker, baina, iaz lortutako tituluari eutsi ahal izan dio eskiatzaile elgoibartarrak, eta Euskal Herriko txapelketa irabazi zuen, bigarren urtez jarraian.
Domekan, Izabatik Ardibidepikua izeneko tontorrerako erlojupeko igoeran, modalitate honetan primeran moldatzen dela erakutsi zuen, beste behin ere, Iñigo Larizek. Honenbestez, Euskal Herriko mendi eskiko erlojupeko igoeren txapelketa irabazi du, bigarrengoz. Haritz Egea urretxuarra eta Mikel Navarro arrasatearra {Larizen bikotekidea azkenengo Altitoy proban} sailkatu ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan.
Asteburuan bi txapel jantzi arren, Larizek ezin izan zuen Antxon Bandresen oroimenezko proba irabazi. Izan ere, zapatuko eta domekako probetan lortutako emaitzen batura egin ostean, Wilfrid Jumere izan zen probako irabazlea eta Iñigo Lariz bigarren sailkatu zen.
•Sorbalda atera arren hirugarren
Maite Maiora mendaroarrak ere parte hartu zuen Asteburuan Izaban jokatutako txapelketan. Lehen egunean min hartu zuen sorbaldan, helmugara ailegatzeko 100 metroren faltan, hain justu ere. Hala eta guztiz, sorbaldan luxazioa izan arren, domekako erlojupekoa egitea erabaki zuen. Eta primeran moldatu zen, gainera, hirugarren postua lortu zuen-eta emakumezkoetan.
•BIDEOA: (Zu Kirolari/eitb.com)
•ARGAZKIAK: (Iosu Juaristi eta Aitor Salaberria)