Bizikidetza lantzen jarraituko dute Lokarrik antolatutako foroetan

elgoibarren.net 2013ko ots. 20a, 15:08

“Bizikidetzari eta adiskidetzeari buruzko kultura bultzatzeko” Lokarrik eta Elgoibarko Udalak martxan jarri zuten egitasmoaren barruan, otsailean eta martxoan egingo dituzten saioen berri eman dute sustatzaileek. Bilerak otsailaren 21ean, martxoaren 7an eta martxoaren 21ean (19:00etan) izango dira, Inazio Bereziartua musika eskolan.


  Nahi duten pertsona guztiek “lasai hitz egiteko, errespetuz entzunak izateko eta elkar ulertzeko” aukera izango dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Era berean, pertsona bakoitzak bere izenean parte hartuko duela azaldu dute, eta bertan aipatzen denari buruzko diskrezio “erabatekoa” izango dela ziurtatu dute. Hala eta guztiz, bada gonbidapena ez onartzea erabaki duenik. Javier Nuñez PPko zinegotziak ez duela foroetan parte hartuko adierazi du eta, gainera, gogor kritikatu du ekimena. 
 Funtzionamenduari dagokionez, elkarrizketa-leku bakoitzean 10-15 pertsona inguruk parte hartuko dute, dinamizatzaile baten laguntzarekin. Foro bakoitzak hiru saio egingo ditu, hau da, hiru bilera. “Prozesua bukatutakoan, foroetan lortutako ondorioak eta proposamenak elgoibartarrekin batera partekatuko dira”, Udal arduradunen esanetan.
 Foro hauetan parte hartu nahi dutenek, Udaleko 943 74 37 00 telefono zenbakira deitu beharko dute, bertan izango direla aditzera emateko.

•PPk bizikidetza foroak kritikatu ditu
  Bizikidetzari eta adiskidetze programa gogor gaitzetsi du Elgoibarko PP alderdiak. Alderdi Popularreko zinegotzi Javier Nuñezek adierazi duenez, “iruzur bat eta irain bat” izateaz gainera, “diru xahubide bat” besterik ez da. Hori dela-eta, “Etxeberria jaunak zalaparta handiz saltzen” duen egitasmoan ez duela parte hartuko adierazi du. Nuñezen iritziz, “zantarkeria da etorkizuna eraiki nahi izatea ETAk eragindako kaltea aitortu gabe eta, are okerragoa dena, ETAren biktimak haien borreroekin parekatzea”.