Bateragune auzia-n zigortuak izan ziren bost lagunak aske uzteko eskatuko dute Logroñoko kartzela aurrean egingo duten ekitaldian, martxoaren 2an, 12:00etatik aurrera. Arnaldo Otegi bera kartzela horretan dute preso, eta hantxe dago Arkaitz Rodriguez ere. Ekitaldia amaitu bezain laster itzuliko da autobusa, eta ondo bidean 15:00etarako Elgoibarren izango da bueltan.
Hainbat eragileek babestu dute dagoeneko protesta. Alderdi politikoen artean, ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak bat egin dute egitasmoarekin. Gainera, beste ordezkari politiko batzuk ere izango dira Logroñoko kartzelaren kanpoaldean, ERCko Espainiako diputatu Joan Tarda eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano kasu. Sindikatu ugarik ere atxikimendua adierazi dute: esaterako, EILASek, LABek eta ELAk. Aurrekoez gain, Martxelo Otamendi, Iñaki Soto, Jesus Uzkudun, Alex Sardui, Anje Duhalde, eta Mertxe Colinak ere, besteak beste, Logroñon izango direla adierazi dute.
•Ekitaldi sorta
Logroñoko kartzelara antolatu duten martxaren bueltan, ekitaldi sorta bat antolatu dute Arnaldo askatu, politika askatu herri plataformak eta Bateragune auzian espetxeratutakoen senitartekoek. Otsailaren 23an, esate baterako, enkartelada bat egingo dute Elgoibarren, Kalegoen Plazan, 13:00etan. Era berean, Baleuko produktorak dokumental bat grabatzeko baliatuko du Logroñorako martxa. Urrian estreinatu asmo dute dokumentala. Urrian baita ere, Lipdub bat grabatu nahi dute Elgoibarren, eta gutxienez mila lagun behar dituzte horretarako.
•Jonan Fernandezi bilera egiteko eskaera
Era berean, Logroñoko martxaren deitzaileek aurreratu dute Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitzarako idazkari nagusiari bilera eskatua diotela, Bateragune auzia euren gai ordenean sartu dezaten.
∞Lotura duten albisteak: