Gure aurrekoek sasoian sasoiko eta tokian tokiko produktuen kontsumoa izan dute oinarri, eta horixe bera bultzatzen du hileko azken zapatuko feriak Elgoibarren. Hala, otsaileko feriak negu ukitua izan zuen, bai baserritarren postuetan eta baita termometroan ere. Izan ere, sasoiari dagokion legez, hotz egin zuen eta elurra ere bota zuen zenbait unetan. Hotzari aurre egiteko haragi gisatu pintxoak eta salda banatu zituzten Taupada antzerki taldeko kideek feriako txosnan.
Gatzatua edo mamia egiten ikasteko tailerrean egon zen, baina, feriako interesgune nagusienetakoa. Prozesu guztia ezagutzeko aukera izan zuten herritarrek.
Ardiak nola jezten diren ikusi zuten lehenik, Mintxeta baserrikoek hiru ardi eraman zituzten-eta Kalebarren plazara. Esnea nola eta zein sasoitan lortzen den azalpenak eman zituzten. Ondoren, Mintxeta baserriko ardi esnea erabili zuten gatzatuak egiteko. Hamabost bat litro erabili zituzten eta, hala nahi izan zuenak etxera eraman zuen berak eginiko mamia.
•ARGAZKIAK: