Sara Pagola izendatu dute Jaurlaritzaren ordezkari Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaien

elgoibarren.net 2013ko ots. 26a, 18:02

 
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Sara Pagola Aizpiri elgoibartarra izendatu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkari berri Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguairako. Hau da, Jaurlaritza Mercosur guneko herrialdeetan ordezkatzeko ardura izango du.



  Sara Pagolak Argentina ondo ezagutzen du, izan ere 1997tik 1999ra Instituto de Calidad Alimentaria Vasco-Argentino erakundea abian jarri zuen Buenos Airesen. ELIKA Fundazioa elikagaien segurtasunaren inguruko institutuaren zuzendaria izan da eta 2011tik 2012ra Cristobal Balenciaga Fundazioko gerentea izan zen.

  Pagolak AZTI erakundean hasi zuen lan-ibilibidea, kudeaketa munduan, ISO 9000 eta EFQM metodoak elikagai-enpresa handietan eta estatuan ezartzen, 2011ean BARREN aldizkariari eskaini zion elkarizketan azaldu zuenez. Zeregin horrek eraman zuen Buenos Airesera, Instituto de Calidad Alimentaria Vasco-Argentino erakundea martxan jartzera. Euskal Herrira itzuli eta bi urtera, ELIKA Fundazioaren zuzendaritza eskaini zioten. 2011an Cristobal Balenciaga Fundaziora heldu zen, Getariako Balentziaga Museoa abian jartzeko ardurarekin, eta Pagolak 2012an utzi zuen postua. (iturria: euskalkultura.com)