Iñigo Larizek irabazi du Zuzenien Mendi Lasterketa Bertikala

elgoibarren.net 2013ko mar. 4a, 12:47

 
Euskal Herriko Kilometro Bertikalen zirkuituko egungo txapeldunak ezin hobeto hasi du aurtengo ekinaldia. Azpeitian jokatu zen atzo 2013ko zirkuituko estreinako proba eta Iñigo Lariz jaun eta jabe izan zen.

 
 

 Eskien gainean zein eskirik gabe, elurretan primeran moldatzen dela erakutsi du Iñigo Larizek, 2013ko Zuzenien Mendi Lasterketa Bertikaleko irabazleak. Izan ere, elurtutako bidean gora lehiatu ziren proba amaitzea lortu zuten 132 lagunak atzo (martxoak 3). Ezkerretegi baserriaren aurretik irten eta 2.800 metroko bide maldatsua igo ondoren, Izarraitzera, Xoxoteko San Inazioren irudiaren ondoraino igo behar zuten, 804 metroko desnibela gaindituz.

Lariz eta Ariznabarreta, aurkariak eta lagunak.

Iaz, lokatza eta lur zoru irristakorra izan ziren parte hartzaileen arerio nagusiak, baina ez ziren eragozpen izan Iñigo Larizentzat, proba honetan zuen marka pertsonala ondu (00:30:49) eta bigarren postua eskuratu zuen-eta, Ionut Alin Zinka irabazlearen atzetik. Aurten, esan moduan, elurrak zaildu du berez gogorra den ibilbidea, baina hori ere ez da oztopo izan Larizentzak. Kirolari elgoibartarrak 31 minutuan egin zuen ibilbidea, hau da, iaz baino 11 segundo gehiago bakarrik behar izan zituen.
 Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako V. Zuzenien Mendi Lasterketa Bertikalean bigarrena Oier Ariznabarreta (00:31:31) izan zen eta Imanol Goñi (00:31:40) izan zen hirugarrena. Emakumezkoetan, Aitziber Ibarbia zizurkildarra izan zen azkarrena, 00:37:30 minutuko denborarekin.
Larizez gain, Aitor Osoro eta Iñigo Ortuoste elgoibartarrek ere hartu zuten parte Azpeitiako proban. 39 minutu eta 3 segundoan egin zuen igoera lehenak, eta segundo bat gehiago behar izan zuen Ortuostek. 39. postuan eta 41. postuan sailkatu ziren, hurrenez hurren.

1706637734984 Iñigo Larizek irabazi du Zuzenien Mendi Lasterketa Bertikala

1706637735102 Iñigo Larizek irabazi du Zuzenien Mendi Lasterketa Bertikala

Aitor Osoro.

Iñigo Ortuoste.

Lotura duten albisteak: