'Bateragune auzia'n espetxeratutakoei babesa agertu diete Logroñoko kartzela aurrean

elgoibarren.net 2013ko mar. 4a, 20:26

 
Bateragune auzia dela-eta preso dauden Sonia Jacinto, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Arnaldo Otegi aske uzteko eskatu zuten hainbat herritar eta eragilek Logroñoko kartzela atarian, bertaraino hirugarrengoz egin zuten martxan. (Iñaki San Martin Soarteren argazki erreportajea)



 Arnaldo Askatu, politika askatu herri plataformak eta Bateragune auzian zigortu zituztenen senideek deitutako ekitaldian berrehun lagun inguru batu ziren, zapatuan (martxoak 2), Logroñoko espetxearen aurrean, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacintoren askatasuna eskatu eta bost presoei gertutasuna adierazteko.
  Elgoibartik eta Euskal Herriko hainbat txokotatik joandako herritarrekin batera, euskal politikarien ordezkaritza bat ere izan zen ekitaldian. Sortuko, Alternatibako, Aralarreko, EAko eta ABko aurpegi ezagun ugari zeuden: Sortuko Pernando Barrena, Hasier Arraiz, Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Karmelo Landa, Aitor Bezares, Aralarreko Rebeka Ubera eta Patxi Zabaleta, Alternatibako Oskar Matute, EAko Alberto Unamunzaga, ABko Mertxe Colina, Gipuzkoako Diputatu nagusi Martin Garitano eta Jone Goirizelaia Bateragune auziko abokatuetako bat. Politikariez gain, Paul Rios Lokarriko koordinatzailea, Jesus Uzkudun CCOO sindikatuko ordezkari ohia, Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria eta Iñigo Soto Gara-ko zuzendaria ere ekitaldian izan ziren, besteak beste.

  Pernando Barrena Sortuko eleduna izan zen hitza hartzen lehena. Ondoren, Xabier Amuriza bertsolaria aritu zen kantuan, eta gero, zigortuen izenean eskutitz bat irakurri zuten. Elkartasuna eskertu, eta espetxeratzeen izaera antidemokratikoa salatzen duen idatzia irakurri ostean, Eperrak kantatu zuen Anje Duhaldek.
CUP alderdiko kide Quim Arrufatek hitz egin zuen hurrena; Bateraguneko bost zigortuak espetxean egotea “Euskal Herriko askatasun ezaren irudia” dela adierazi zuen. Duhalderen Amnistiaren dema kantarekin amaitu zen ekitaldia. (Iturria: berria.info)
•ARGAZKIAK: (Iñaki San Martin Soarte)