Partidarik galdu gabe jarraitzen du Concepto Egilek

elgoibarren.net 2013ko mar. 5a, 16:17

Ligako 17 partida jokatu eta gero, partidarik galdu gabe jarraitzen du Concepto Egile areto futbol taldeak denboraldi honetan. “Amets bat izateari laga dio honek, historia da”, adierazi du klubeko presidente Jose Ramon Iriartek. Eta argigarria den datua eman du: “Euskal Herrian eta Espainiar estatuan jokatzen diren taldekako bost kirol nagusietako {futbola, saskibaloia, eskubaloia, errugbia eta areto futbola} lehen hiru maila nagusiak aintzat hartuta, bi talde bakarrik daude oraindik partidarik galdu ez dutenak: Asobal eskubaloi ligan diharduen F.C. Barcelona eta C.D. Debabarrena Concepto Egile”. (bideoa dauka)


 Azken jardunaldiko partida Zaragozan jokatu zuen Concepto Egilek, eta meritu handiko garaipena (5-6) lortu zuen Quinto de Aragon taldearen aurka. Markagailu estuak adierazten duen moduan, izerdi asko botata lortu zuten garaipena. Sailkapeneko zazpigarren postuan dauden arren, talde handien aurrean hazi egiten da Quinto eta jarraitzaile leial eta zaratatsuak ditu gainera. Liderraren bisitan ez zuten hutsik egin eta harmailak bete zituzten Zaragozako zaletuek. Garaipena eskuratzerik izan ez bazuten ere, bi taldeak txalo artean agurtu zituzten zaletuok, ikusitako ikuskizunarekin gustura eta eskertuta. Ondorengo bideoan partidaren laburpena:
Zifra historikoak
 Zaragozan lortutakoarekin hamasei dira denboraldi honetan Concepto Egilek lortu dituen garaipenak. Bat izan ezik, -Zierbenaren aurka berdindu zuten partida- orain arte jokatu dituzten partida guztiak irabazi dituzte. Taldeko kiroletan “oso noizean behin” lortzen diren zifrak direla nabarmendu du Jose Ramon Iriarte klubeko presidenteak. “Zifra historikoak dira”, esan du. Ildo beretik, gol gehien (93) sartu dituen taldea da Concepto Egile, eta baita gol gutxien jaso dituena ere, 29, hain zuzen ere.
 Une honetan Bigarren B mailako sailkapeneko lehen postuan dago C.D. Debabarrena klubeko talde nagusia, 49 punturekin. Zierbena taldea dago bigarren postuan. Bizkaitarrek galdu egin zuten azken jardunaldian jokatutako partida eta liderrarengandik 9 puntura daude orain, 40 punturekin. Honenbestez, liga txapelketa amaitzeko zazpi jardunaldiren faltan, igoerako kanporaketak jokatzeko sailkapena gertuago dute. 
  • Ikusi hemen: Bigarren B mailako sei multzoetako supersailkapena, hau da, kategoria honetan diharduten 98 taldeak kontutan hartuta.

Lotura duten albisteak: