Udaberriaren etorrera ospatuko dute Mendaron, Motxaila Egunean

elgoibarren.net 2013ko mar. 6a, 15:26

 
Mendaroko kaleetan eta Aitzbeltzko kobazuloan {ondoko argazkian} ospatuko dute mendaroarrek Motxaila Eguna, datorren zapatuan (martxoak 9). Mendaroko ezker abertzaleak egun osoko egitaraua prestatu du. (egitaraua dauka)



 Udaberriaren etorrera ospatzeko modu bat zen sasikopotzu, eta mendian ogitartekoa janez eta dantza eginez igarotzen zuten gure arbasoek. Orain dela zortzi urte, tradizio hori berreskuratu zuten mendaroar gazte batzuek, eta gure zaharren ohiturari Mendaroko elemenu identitario bat gehitu zioten {Mendaro motxailerria}, biekin inautea edo natura negutik esnatzeko sasoia ospatzeko. Motxailerria zen garai batean Mendaro. Udaberriaren etorrera ile moztaileei oso lotua zegoen garai hartan, ardiei eta astoei ilea mozteko kontratatzen zituzten motxailei hain zuzen ere. Iragan hori gogoratzen dute Motxaila Egunean.
Aurtengorako ere egitarau zabala prestatu du Mendaroko ezker abertzaleak. Egunari hasiera emateko, 12:00etan Aitzbeltz kobazuloan batuko dira. Kobazuloari bisita egin ostean, hamaiketakoa egingo dute eta ipuin kontalarien txanda izango da gero. Bertsoek eta mitinek ere badaukate lekua egitarauan. Kobazulotik jaitsi eta 15:30ak aldera Gaztetxean batuko dira, bazkaritarako.
Bazkaritarako txartelak salgai
 Bazkaritarako txartelak Aitz beltz tabernan jarri dituzte salgai eta menua honakoa izango da: sarrerakoak, potajea, eta ijito-besoa edo brazojitanoa. Bazkalosterako Inozentzio klownaren ikuskizuna eta bertso saioa antolatu dituzte, eta ondoren bertso poteoan irtengo dira Alaia Martin, Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga bertsolariekin. Gauean, berriz, erromeria izango da Gaztetxean, Honat taldearekin.