Lanbide Heziketako IV. Jardunaldiak egingo dituzte Elgoibarren, martxoaren 13tik aurrera

elgoibarren.net 2013ko mar. 7a, 10:52

Elgoibarko Udalak Lanbide Heziketako IV. Jardunaldiak antolatu ditu, Elgoibarko industria eta prestakuntza eskaintza ezagutarazteko eta bultzatzeko helburuarekin. Martxoaren 13an hasi eta apirilaren 26ra bitartean, herriko ikastetxeek eskaintzen dituzten aukera zabalen berri emango diete DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleei, haien gurasoei, lanik gabe dauden pertsonei, eta “gaia gogoko duen edonori”.


  2010 eta 2011 urteetan, bigarren hezkuntzan diharduten ikasleei eta haien gurasoei zuzendutako lehenengo bi zabalkunde-kanpainak sustatu zituen Elgoibarko Udalak. Kanpaina horietan, lanbide heziketaren eta txandakako ingeniaritzaren inguruan eskaintzen den prestakuntzari buruzko feria bat eta Elgoibarko enpresa batera bisita egin zituzten, besteak beste. 2012 urtean, berriz, hainbat berrikuntza gaineratu zituen Udalak. Jarduera berriek “harrera ona” izan zutela-eta jardunaldien laugarren ekinaldia antolatu du aurten Elgoibarko Udalak, Manahmanarekin, IMHrekin eta MEKArekin elkarlanean.

Hona hemen antolatutako jarduerei buruzko xehetasunak:
  • Martxoak 13:  langabetuentzat eta DBH 4ko, Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleentzat eta haien gurasoentzat. 19:00etatik 20:00etara, Meka-Arreiturreko areto nagusian, IMHk eta MEKA Lanbide Eskolak lanbide heziketaren inguruan egiten duten prestakuntza eskaintzari buruzkoa.
  • Apirilak 22 eta 23: Ikastolako DBH 4ko ikasleentzat. 8:10etik 12:30era. Lanbide heziketari buruzko tailer dinamikoak egingo dira, eta bertan, gaur egungo gizartean errotuta dauden estereotipoei buruzko hausnarketa egingo da. Tailerrak MEKA Lanbide Eskolarekin, IMHrekin eta Danobatekin elkarlanean egingo dra, eta Manahmana enpresaren aholkularitzarekin.
  • Apirilak 24 eta 26: Arreiturreko DBH 4ko ikasleentzat. 10:00etatik 14:00etara. Lanbide heziketari buruzko tailer dinamikoak egingo dira, eta bertan, gaur egungo gizartean errotuta dauden estereotipoei buruzko hausnarketa egingo da. Tailerrak MEKA Lanbide Eskolarekin, IMHrekin eta Danobatekin elkarlanean egingo dra, eta Manahmana enpresaren aholkularitzarekin.
 
   IMHko ate irekien eguna:
  • 2013ko apirilak 20, larunbata, 11:00etan, Heziketa Zikloak + Txandakako Ingeniaritza
  • 2013ko maiatzak 15, asteazkena, 18:00etan, Heziketa Zikloak
  • 2013ko maiatzak 25, larunbata, 11:00etan, Heziketa Zikloak + Txandakako Ingeniaritza
  • 2013ko ekainak 12, asteazkena, 17:00etan, Txandakako Ingeniaritza

  MEKA Lanbide Esikolako ate irekien eguna
: 2013ko maiatzak 17.