A.Barandiaran:"Euskarazko hedabideok elkarrekin egin behar dugu gure gogoeta, etorkizuna irabazteko"

elgoibarren.net 2013ko mar. 7a, 13:23

 
Herri izaerako euskarazko hedabideen elkartea da Hekimen eta bertan batzen dira 50 hedabidetik gora, tartean BARREN. Alberto Barandiaran (Altsasu, 1964) da elkarte horretako zuzendaria. Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n hogei urtez lan egin zuen eta beste hainbat hedabidetan ere kolaboratu izan du. Elkartearen erronkaz hitz egin du Goienari eskainitako elkarrizketan.

 

Kargua hartu berri, zein izan da zure lehenengo egitekoa?
Dena abian jartzea; izan ere, elkarte berria da, nahiz eta atzean gogoeta bat egon, bi urteko lana egon. Ideiak, erronkak, helburuak, argi samar daude, baina dena dago egiteko: elkarteko kideen arteko harremana, komunikazio publikoa, erakunde publikoekin lehen batzarrak...

Iaz azaroan sortu eta agerraldi ofiziala egin zuen hedabideen aurrean Hekimenek. Orduan aipatu zenez, besteak beste, "egoera latzak" bultzatuta sortu zen Hekimen. Hala da?
Egoera ez da ona, baina ez da beste eremu batzuetan bizi dena baino latzagoa. Denoi eragiten digun krisi ekonomikoaz gain, hedabideek ere bizi dute beren krisia. Kontsumo ereduen aldaketak ekarri du krisi hori: Interneten kontsumitzeko joeragatik, inork ez du garbi ze toki hartuko duten etorkizun hurbil eta ertainean beren tokia ohiko hedabideek. 50 hedabidetik gorakoa, 600 bat langile dituena… sektore bizia eta bere burua antolatua duena da herri ekimeneko euskarazko hedabideen sektorea. Ekimen handikoa, bere burua sortu eta antolatu duelako. Orain, elkarrekin, etorkizuna irabaztea da erronka, ze ez baitute balio beste toki batzuetako ereduek, hausnarketek, errezetek… Geurea, propioa, aurkitu eta eraiki behar dugu.

Aintzat hartzen da jendartean, erakundeetan, herri ekimeneko euskarazko hedabideen sektorea?
Jendartean aintzat hartzen da, Goiena, Berria edo Argia ikusi besterik ez dago. Euskaldunok kontsumitzen ditugu euskarazko hedabideak. Akaso, ez guk nahiko genukeen beste, baina ez da gutxietsi behar hedabide hauek jendartean daukaten presentzia eta eragina. Erakundeek, bestetik, ahalegin bat egiten dute. Guretako garrantzitsua da, baina ez da nahikoa eta, besteak beste, horregatik sortu da Hekimen. Gure ustez, herri ekimeneko euskarazko hedabideak estrategikotzat hartu behar ditu administrazioak euskararen biziberritzearen ikuspegitik, komunitatea trinkotzen laguntzen duelako, are gehiago, hizkuntzaren ikuspegitik, egoera normalizatu gabeko jendarte batean.

Euskarazko hedabideek, nazionalek, tokikoek, elkarren artean harreman edo fruitu gutxi eman izan dute. Hori aldatzera dator Hekimen?
Bai, izan daiteke. Orain arte eduki dutena baino harreman handiagoa izan beharko luketen ez dakit. Izan ere, berez, hedabideek independenteak, kolore askotakoak, osagarriak, ezberdinak… behar dute izan. Nork bere bidea egin izana ulertzekoa da eta positiboa da. Baina orain beste egoera batean gaude eta beste estrategia bat behar dugu. Horrek ez du esan nahi hedabideek euren izaera galdu behar dutenik. Beharrezkoa da burujabe izatea, baina proiektu estrategiko komun batzuk garatu beharra dago elkarlanean. Txiki askok, batuta, indartsuago jardun dezakete.

Zein dira Hekimenen erronka nagusiak?
Lau erronka nagusi: batetik, elkartea bera egituratzea; bigarrena, dirulaguntza publikoak berraztertzea eta indartzea hitzarmen baterako aukera planteatuz, Jaurlaritzari eta diputazioei; hirugarren erronka, publizitate instituzionala handitzea. Izan ere, erakunde publikoek euskarazko hedabideetan publizitate guztiaren %7 bakarrik jartzen dute eta hori ez da logikoa herri elebidun batean. Horretaz gain, publizitate komertzialari dagokionez ere urratsak eman beharko dira. Azkeneko erronka da Hedabideen Behatokia sortzea. Zertarako? Etorkizuneko erronkak, hausnarketa, gogoeta eta eztabaida propio eta egokitik irabazi ahal izateko. Eta, jakina, hedabideez gainera, unibertsitateak eta administrazioak ere osatu beharko lukete behatoki hori.

Horiek erronkak. Ze puntutan daude?
Une honetan, esaterako, Euskal Herriko Unibertsitateak badauka beka bat jendartearen hedabideen kontsumo ohiturak aztertzeko. Lan hori aprobetxatu nahi dugu; esaterako, haiek badute eginda balizko behatoki bati buruzko hausnarketa. Oraindik ez da osatu behatoki hori, baina ideia batzuk badaude eta horiei bultzada eman nahi diegu.

Ze espero duzue erakundeen aldetik?
Oraingoz, Gipuzkoako Diputazioarekin izan ditugu harremanak. Jarrera ona dago eta haiekin aztertu nahi dugu Gipuzkoako Diputazioaren publizitate instituzionala zela bideratu. Gipuzkoako Batzar Nagusiek erabakita dute egiten den publizitate instituzionalaren %15 euskarazko hedabideetan egin behar dela. Gure helburua da hori betetzeko eskatzea. Eta administrazioaren mendean dauden enpresekin ere urratsak egitea. Jaurlaritzarekin aurki batzartuko gara, Patxi Baztarrika sailburuordearekin, ze urrats egin ditzakegun aztertzeko.

Besteak beste, "euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa" osatu eta garatzea nahi duzu...
Esparru komunikatiboaz dihardugunean esan nahi da hedabideek jendarte honetan izan behar duten eragina. Hedabide bakoitzak eman ditu bere urratsak bere esparrua osatzeko. Esaterako, Goienak presentzia baldin badauka Debagoienean da urrats batzuk egin dituelako bailarako hedabideen esparrua garatzeko. Eta, horregatik, gaur egun Goienak badauka bere presentzia, bere garrantzia bailara honetan. Hori guztiek onartzen dute. Goienak bezala beste batzuek ere sortu dute euren esparrua. Orain, gogoeta zabal eta orokorragoa egin behar da zehazteko euskarazko hedabideek ze toki, ze eragin, ze garrantzia izan behar duten Herri honetan. Zer eskatzen digu jendarteak? Zer ematen diogu? Zer eman beharko genioke? Zela egin genezake hori?… Nabarmendu nahi dugu euskarazko hedabideen garrantzia.

Emankorra, ugaria da euskarazko hedabideen sektorea?
Bai, ez dago zalantzarik. Azken 30 urteotan, Argia-k, Euskaldunon Egunkaria-k edo Berria-k, Arrasate Press-ek eta gainerako tokiko hedabideek… oso bide emankorra egin dute. Baina, hori horrela izanda ere, egia da txikia eta ahula dela sektorea. Ezin dugu lehiatu maila berean erdarazko hedabideekin. Paradoxa hori gertatzen da: emankortasun horrek ez dio sendotasunik ematen. Hor dago erronka kontsumitzaileak gureganatzeko.

Euskarazko hedabide talde publikoarekin, EITB taldearekin, harremanik baduzue?
Gure hedabideak trinkotzeko sortu da Hekimen, bereziki, baina harremanak egin eta indartu beharko ditugu hedabide publikoekin ere. EITBren rolak zein izan behar du euskararen biziberritze prozesuan eta komunitatea trinkotzeko prozesuan? Hori eztabaidatzea komeni da, gure ustez.

Elkarrizketaren egilea: Eneko Azkarate, goiena.net.