Taxi geltokia lekuz aldatuko dute

elgoibarren.net 2013ko mar. 8a, 18:57

Makina bat urtean egon da taxi geltokia San Bartolome kalea eta Aita Agirre plazaren artean. Orain, taxien gunea lekuz aldatzea adostu dute Elgoibarko Udalak eta Elgoibarren lanean diharduten zortzi taxi gidariek. Aurrerantzean, Txarriduna parean dagoen errotondan egongo dira taxiak. Horretarako, baina, errotonta egokitzeko lanak hasiko dituzte.



 Gaur egun dutena baino leku erosoagoa eta egokiagoa behar zutela-eta, taxi-geltokia lekuz aldatzea erabaki du Elgoibarko Udalak. Hala, Bernardo Ezenarro eta Ermuaranbide kaleak batzen dituen errotondan, -Txarriduna Hotelaren parean-, jarriko dute taxi geltoki berria. Zortzi aparkaleku margotuko dituzte biribilgunean bertan, zirkunferentzia osoa hartuz. Aparkaleku berriak sortzeko, biribilgunearen erdian dagoen berdegunea txikiagotuko dute. Lanok apirilaren 1erako amaituta egotea espero dutela azaldu dute Udal arduradunek, Alfredo Etxeberria alkateak eta Rikardo Garate hirigintza zinegotziak, hain zuzen ere. Hala ez balitz, hau da, jarritako epea beteko ez balitz, Euskal Herriko Itzulia pasa arte etengo dituzte lanak. Izan ere, Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa Elgoibarren hasi eta bukatuko da apirilaren 1ean, Pazko Astelehenean; eta, bigarren etapa ere Elgoibarren hasiko da apirilaren 2an.

1706637709264 Taxi geltokia lekuz aldatuko dute

 
Beste ondorio bat ere izango du taxi geltokiaren leku aldatzeak, haiek lagatako lekua Udaltzainen ibilgailuak aparkatzeko erabiliko dute-eta. Honenbestez, zama eta deskargako guneak ere plaza gehiago irabaziko ditu, orain arte bertan aparkatzen zituzten-eta udaltzaingoko ibilgailuak.