Elgoibarko gazte talde batek ere bat egin du Interneteko ‘Harlem Shake’ fenomenoarekin

elgoibarren.net 2013ko mar. 12a, 11:36

Internet bidez zabaldu den bideo biralen fenomenoa da Harlem Shake. Sarean piztu den moda berria izan arren, -2013ko urtarrilean sortu zen-, indar handia hartu du eta mundu osoan zabaldu da. Gaztea Irratiak ere bat egingo du dantza arrakastatsu horrekin, eta Harlem Shake lehiaketa antolatu du. Elgoibarko gazte talde batek 'Roketxe Crew Harlem Shake' izeneko bideoa bidali du Gazteak antolatutako lehiaketara. (goiko bideoan ikus dezakezue)


 Arau zehatzik ez dagoen arren, bi zati izaten dituzte Harlem shake bideoek. Lehen 15 segundotan, pertsonaia bat agertzen da dantzan, inguruko guztiak geldi eta dantzan ari denari kasurik egin gabe daudela. Azken 15 segundotan, ordea, erritmoaren aldaketarekin batera, dantzan hasten dira bideoan ageri diren lagun guztiak. Gehienetan mozorrotuta agertzen dira pertsonaiak bigarren zatian.
Wikipedian aurkitutako azalpenen arabera, Harlem Shake bideoetan Dj Baauer & Jeo Art ekoizleek sortutako Harlem Shake musika elektronikoaren konposizioa erabiltzen da, Héctor el Father, reggaeton estiloko abeslari ohiaren ahotsarekin batera; abeslari honek "con los terroristas" esaldia errepikatzen du.
 Filthy Frank bloggerrak zabaldu zuen estreinako Harlem Shake bideoa, 2013ko urtarrilaren 13an. Fenomenoak hartu duen azken formatoa, baina, Australiako bost gaztek eman zioten, The Sunny Coast Skate: The Harlem Shake v1 (TSCS original). Bideo horrek sartu zuen fenomenoa bideo biralen sakuan, hau da, izugarrizko zabalkundea izan eta komertzialak ez diren bideo arrakastatsuak.
Marka guztiak hausten
  Marka guztiak hausten ari da Harlem Shake fenomenoa Interneten. Ezagutzera eman eta lehen bederatzi egunetan 11.000 bertsio baino gehiago igo zituzten sarera, guztira 44 milioi bisita baino gehiagorekin; egunean 4.000 bertsio egin ziren. Bideoa egiten azkenekotako batzuk NBAko Miami Heat taldeko jokalariak izan dira. 'The Simpson' telesailera ere heldu da Harlem Shake fenomenoa. Homer Shake bertsioa egin du telebistako familia ezagunak. Youtuben bertsio onenetarikoen bildumak ere ikus daitezke.
 Euskal labeldun Harlem Shake bideoak, berriz, Gaztea Irratiak antolatu duen Harlem Shake Lehiaketan aurkituko dituzue, tartean elgoibartarrek aurkeztutakoa.