Hasi dituzte Garagartza kalean hiru eraikin eraisteko lanak

elgoibarren.net 2013ko mar. 14a, 20:24

Behinola izan zuen itxura apenas antzeman daiteke Garagartza kalean. Erortzeko zorian zegoela-eta, gaur arratsaldean eraitsi dute Mendaroko kale horretan geratzen diren eraikin zaharretako bat, eta hurrengo egunetan botako dituzte beste bi eraikin.


  Etxea botatzen ikusteak mendaroar askoren sentimenduak ukitu dit, sasoi batean garrantzi handia izan zuen kalearen gainbeheraren lekuko zuzenak izan dira-eta.
 Garagartza auzoa ez da lehen zena, eta hemendik aurrera gutxiago. Hiru etxe bloke eraisteko lanak hasi dituzte. Bat bota dute, Julio Salegiren okindegia zegoen ondoko etxea, eta azken orduko eragozpenik ezean bihar eraitsiko dute Antzarkonekoa. Etxe ilara horretan bakarra geldituko da zutik.

Julio Salegi eta semea, okindegia eduki zuten etxearen aurrean.

Okindegia eduki zuen Julio Salegi bera etxea nola botatzen duten ikusten izan da, semearekin batera (ondoko argazkian). Eraisketa lanak "Itzelezko penarekin" jarraitu dituztela aitortu du. Honela kanporatu ditu sentimenduak: "Garagartza zer zen eta gaur zer dan! konparaziorik ere ez dago. Lehen Donostiako Parte Zaharraren pare zen hau. Hemengo tabernak, okindegia, bizkotxoterixia, hemengo festak, zezenak...Lehen Kilimon erreka pasatzen zan bi bloke hauen erditik eta Garagartza eta Elgoibar kalia bereizten zituen errekak. Ufalek urtean hiru-lau aldiz harrapatzen zuten gure etxe hau, baina, hala eta guztiz ere, pena itzela ematen du norberaren seme-alaba danak jaio diren etxea botatzen ikusteak. Dena dela, lehen ere ez zegoen ondo, eta balio dezala ganorazko zerbait egiteko gutxienez".

 Komentua, eliza eta errekaren inguruan sortu eta hedatu zen Garagartza kalea. Komentua eraitsi eta Kilimon erreka kanalizatu zutenean, baina, ordura arte izan zuen garrantzia galdu zuen Garagartza kaleak. Mendaroko sare urbanoan zuen garrantzia galtzeaz bat, izaera ere galdu du urteen poderioz Garagartza kaleak. Izan ere, eraikin zaharrak bota ahala haien lekuan egin dituzten berriek ez dituzte aurrekoek zituzten neurriak eta itxurak mantendu, eraikin zaharren eraisketa penaz jarraitu duten zenbait mendaroarrek azaldu dutenez.

1706637704063 Hasi dituzte Garagartza kalean hiru eraikin eraisteko lanak

1706637704172 Hasi dituzte Garagartza kalean hiru eraikin eraisteko lanak