50. urtemugako ospakizunak hasiko ditu Elgoibarko Izarrak

elgoibarren.net 2013ko mar. 15a, 13:25

 
Gaur (martxoak 15) bete ditu 50 urte Elgoibarko Izarra kultur elkarteak, eta jai giroan ospatuko du 50. urteurrena. Gaur iluntzean hasiko dira ospakizunak, Herriko Antzokian egingo den ekitaldiarekin (20:00). Ekitaldian Elgoibarko Izarrako sortzaileak eta presidente guztiak igoaraziko dituzte oholtzara, 50. urteotan Elgoibar euskaldunagoa izateko egindako lanaren errekonozimendutzat. Biharko ere ekitaldi sorta antolatu dute. (egitaraua dauka)



  Herriko Antzokiko jaialdia ordubete pasatxoko ekitaldia izango dela aurreikusten dute antolatzaileek, baina ez da hor amaituko egunekoa. Maalako karpan jarraituko du ospakizunak. 21:30ak aldera zabalduko dute karpa, eta ondoren, afari-luntxa egongo da hara batzen diren guztientzat. Afalostea, herriko musikariek girotuko dute.
Herri bazkaria, erromeria eta Xabier Solano, zapatuan

'Merezi zaban!' asteburuko egitaraua.

Zapatuan ere izango da zertaz gozatua. 14:30ean herri bazkaria egingo da karpan. 200etik gora lagun daude izena emanda. Bazkalosterako (15:30etik aurrera), haurrentzako ginkana antolatu dute, eta arratsalde partean, 18:00etatik aurrera erromeria izango da Ezten Giro taldearekin. Tartean, AtxutxiKantua ere abestuko dute han bildutako guztiek. Atxutxiamaikako hezitzaileek idatzi dute kantuaren letra eta Aitor Nova musikariak jarri dio musika. Erromeria amaitutakoan, eta indarrak hartze aldera, ogitartekoak salduko dituzte karpako txosnan, eta ondoren, karpan batutako guztiak dantzan jarriko dituzte Xabier Solano eta DZk (Esne Beltza). Era berean, zapatuan karpa zabaltzen duten unetik ixten duten arte, Elgoibarko Izarrari buruzko argazki erakusketa ikusteko aukera izango da karpan.
  • Informazio osoagoa: BARREN aldizkariak Elgoibarko Izarraren 50. urteurrenari eskaini dion gehigarri berezian (BARREN 858. zenbakia PDF)
Urte osoko programazioa
 Gaur hasi den Merezi zaban asteburu bereziaz gain, urteurrena ospatzeko urte osoko programazioa antolatu du Elgoibarko Izarrak (informazio odsoagoa: elgoibarkoizarra.com)
  • Otsailak 26: 50. urteurrenaren aurkezpena
  • Martxoak 15-16: Merezi zaban!  asteburua
                                 Herri-omenaldia
                                 Maalako karpako jaia: jatorduak, musika ...
  • Apirilak 13Sagardotegira irteera.
  • Apirilak 28: Maskaradak ikustera irteera.
  • Ekaina 1: Mintza Eguna Elgoibarren.
  • Urriak 5: Beste 50!
  • Urria: Euskara edo ezkara hitzaldi-ziklo berezia
  • Abendua: 50. urteurreneko liburuaren aurkezpena
  • Abenduak 27: 50. urteurrenari eskainitako bertso-jaialdi berezia

•Bideoa: Urte osoko programazioaren aurkezpeneko bideoa.