Jose Antonio Urbieta elgoibartarrak eraman du Korrikaren lekukoa Sidney-n

elgoibarren.net 2013ko mar. 18a, 14:31

 
Korrika 18 joan den martxoaren 14an abiatu zen Andoaindik eta eguaztenean, martxoaren 20an, ailegatuko da Elgoibarrera (20:30ak aldera). Korrikaren lekukoak Euskal Herria zeharkatzen diharduen bitartean, Diasporako euskaldunek Korrika sinbolikoak antolatu dituzte nonnahi. Sydneyko Gure Txoko etxeak, esaterako, bigarrengoz antolatu zuen Korrika domekan, eta Australian bizi den Jose Antonio Urbieta elgoibartarrak eraman zuen lekukoa.

 

 Jose Antonio Urbieta elgoibartarra Australian bizi da, Sidneyn, Euskal Herriaren antipodetan, hemendik punturik urrutikoenean, hain zuzen ere. 30 urte daramatza han. Australia ezin urrunago dagoen arren, Korrikak zabaltzen duen euskararen aldeko oihua iritsi da haraino ere.
 Sidneyko Gure Txoko Euskal Etxeak 2011n egin zen Korrikan egin zuen bat estreinakoz Korrikarekin. Eta, Sydneyko euskaldunek aurten ere bat egin dute Korrikaren deiarekin. Korrikaren petoak jantzi eta ikurriñak ondo bistan zituztela, Sidneyko lekurik esanguratsuenetatik eraman zuten lekukoa, joan den domekan. Jose Antonio Urbietak bidali digu goiko argazkia. Korrikaren lekukoa eskuetan duela, Harbour Bridge “zubi ezaguna” zeharkatzen ari zen unea jasotzen du argazkiak.