Bai, Merezi zaban!

elgoibarren.net 2013ko mar. 18a, 15:35

Merezi zaban! izenburupean, 50. urteurreneko ospakizunak hasi ditu Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak, joan den asteburuan. (argazkiak dauzka)


  50. urteurrena ospatzeko urte osoko programazioa prestatu du Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak, eta barixakuan hasi ziren ospakizunak, elkarteak 50 urte bete zituen egunean, hain justu ere. Izan ere, Felix Etxeberriak, Jesus Larrañagak eta Sabin Osorok sortu zuten Elgoibarko Izarra, 1963ko martxoaren 15an.
Sortzaile eta presidenteei errekonozimendua

Elgoibarko Izarrak azken 50 urteetan elkarteak izan dituen presidenteak eta sortzaileak omendu zituen.

“Erderiak ez ittotzeko” sortu zuten Elgoibarko Izarra, eta merezi zaben omenaldia jaso zuten sortzailiek, eta baita 50 urte hauetan elkarteko presidente izan diren 27 lagunek ere, Herriko Antzokian egin zen ekitaldian. Sortzaileak eta presidente guztiak igoarazi zituzten oholtzara, 50. urteotan Elgoibar euskaldunagoa izateko egindako lanaren errekonozimendutzat. Hildako sortzaile eta presidenteak ere gogoan izan zituzten: Jesus Larranaga, Manolo Rementeria, Luis Bilbao eta Enrike Zubiaurre. Era berean, Elgoibarko Izarrako emakumeek egindako lana eskertu zuten. Bi presidente emakumezko izan ditu elkarteak, baina ezkutuan aritu diren guztiei esker ona adierazi zieten: “Ez dira denak kabitzen. Zerrenda amaigabea da. Gure andrei, bihotzez, eskerrik asko!” bukatu zuten euren agerraldia emakumeak eskertzera oholtzara igo ziren Danele Sarriugartek eta Maialen Arnedok.
 Sortzaile eta presidenteek berba eta bertso politak entzun zituzten Irati Agirregomezkorta eta Mikel Olaizolaren ahotik. “Zuek izan zarete gure bideko iparra”, esan zuen batak eta, "izarrek konstelazio ederra dute saretu, zenbat lan egin duzuen bihotz, buru eta esku, zuen argira guk ere badugu zer amestu", bota zuen besteak. Haritz Euskal Dantzari Taldeko kideek ohorezko aurreskua dantza egin zieten gero.
 Oholtzatik jaitsi aurretik, azken lan bat egiteko agindu zieten ekitaldiko aurkezleek presidente eta sortzaileei, eszenatokian zeuden kaxei buelta ematea. Honako mezua bistaratu zuten kaxek: “euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako".
Elgoibarko Izarratik jaiotako proiektuak
 Elgoibar euskaldunagoa izateko 50 urteko herri-ahaleginean asko izan dira Elgoibarko Izarratik jaiotako proiektuak: Ikastola, gau eskola, euskaltegiak, Haritz dantzari taldea, txistu eskola, Odeoiko jaialdiak, bertso eskola, Aubixa, Barren, Atxutxiamaika, Gurean Bai… Zuei eskerrak izeneko bideoan, egindako lanaren fruituak ikusi eta proiektuotan aritutako hainbat herritarren esker ona jaso zuten sortzaileek eta presidenteek.
Irizar: "Euskararen etorkizuna irabaziko dugu"
  Musika, ikus-entzunezkoak eta bertsoak uztartu zituen ekitaldian, agintariek ere hartu zuten hitza. Topaguneko presidentea den Mikel Irizarrek elkartea zoriondu zuen, bereziki, duela 50 urte sortzaileek izan zuten intuizioagatik, "duela 50 urte zaila zelako intuizio hori izatea". Orain arteko bide beretik jarraitzeko animoak eman zizkien Irizarrek elkarteari eta Herriko Antzokian batutako euskaltzale guztiei. "Euskararen etorkizuna irabazteko dugu, baina irabazteko modua dugu. Irabaziko dugu".
Konde: "Aurrerantzean ere zuen babesa beharko dugu"
  Era berean, Inaki Konde Elgoibarko Izarrako egungo presidenteak 50 urte oparoak izan direla azaldu zuen eta "elkarlana" nabarmendu zuen. Kondek elkarteko profesionalak eta bazkide militanteak goratu zituen, eta elkartearen helburua zein den errepikatu zuen: Herria euskalduntzea. Elkarlanean jarraitzeko deiarekin amaitu zuen bere hitzaldia. "Aurrerantzean ere zuen babesa eta berotasuna beharko ditugu. Eskerrik asko denoi"
Etxeburua: "Zorionak eta iraun dezazuela"
  Konderen ostean, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendariak hartu zuen hitza. "Euskararen herria da hau, eta euskaraz bizi ahal izateko antolatu behar izan dugu!" esan zuen. Elgoibarko Izarrak "antolatuta" 50 urte iraun izanaren meritua "guztiona" dela azpimarratu zuen Etxeburuak, "meritua guztiona da, zuena da. Zorionak eta iraun dezazuela"
Etxeberria: "Motorra badago, eta katea engrasatu behar dugu"
  Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak erreminta makina munduko irudi bat erabili zuen Elgoibarko Izarraz duen ikuspegia azaltzeko: "Motorra badago, eta katea engrasatu behar dugu". Eta honela amaitu zuen bere mintzaldia: "Eskerrik asko buruarekin eta bihotzarekin jokatu duzuelako. Eta orain ari zaretenoi, animo".
Bigarren faseko eragileak gogoan
  Ekitaldia amaitu aurretik ailegatu zen unerik hunkigarrienetakoa. Elkarteak 1990ean hasi zuen bigarren faseko eragile izan ziren Sebas Larrañaga, Iñasio Garmendia eta, bereziki, Imanol Larrañaga omendu zituzten. Imanol Larrañaga elkarteko dinamizatzailea izan da azken 20 urteotan eta ezustean harrapatu zuen omenaldiak, aurkezpen lanetan ziharduen arren, ez zekien-eta ezer ere ez omenaldiaz. Pasatako une gazi eta gozoak gogora ekarri zizkion elkarteko presidente izandako Garmendiak eta lanean orain arte bezain fin jarraitzeko eskatu zion. "Zorionak, Imanol, eta zorionak Elgoibarko Izarrari", oihu eginez eman zion hitza omenduari. Hunkituta zegoen arren, barruak askatu eta hitzak ahora eramateko gai izan zen Larrañaga. "Bihotzak eraginda" hasi zela Elgoibarko Izarran azaldu zuen, "gurasuek transmititutako zerbaitek bultzatuta". Esker ona jaso eta eman ere egin zituen aldi berean. "Neretzat hau plazer bat izen da eta ezin dot imaginau nere burua hemendik kanpo. Elgoibarko Izarrak bizitza eman dia. Zuek nahi dozuen bittartian eta bidaltzen ez nauzuen bittartian segiduko dot. Zuekin egongo naiz", esan zuen Imanolek.
Amaiera, kantuan
  Kantatzen dakien herria ez delako inoiz hilko, kantuan amaituko zuten ia bi orduz luzatu zen ekitaldia, 'Zenbat gara' abestuz. Buru-bihotz kantuan amaitu zuten Herriko Antzokian batutako lagunek. Elgoibarko Izarraren izenean, "eskerrik asko herri ahalegin honetan sinetsi duzuen guztioi! Zuei esker gara, zuekin izango gara!".
 Ospakizunek Maalako karpan jarraitu zuten, bai bariaku gauean eta zapatuan egun guztian. Zapatuan 200 lagun batu ziren bazkaltzeko eta giro onean joan ziren bazkalostea eta gaua ere.
ARGAZKIAK: Merezi zaban! asteburuko argazkiak (Picasan)