Gurasoek ordaindu beharko dute semeen ganberrokeria

elgoibarren.net 2013ko mar. 20a, 19:21

Anbulatorio pareko igogailua hondatuta dago joan den zapatutik, baina ez da berez hondatu. Udaleko arduradunek jakinarazi dutenez, igogailuko bideo kamerako irudiak ikusi ostean, dozena erdi elgoibartar identifikatu dituzte errudun gisa, guztiak adingabekoak. Kalteak konpontzeak 2.000 eurotik gorako kostua duela gaineratu dute eta adingabekoen gurasoek ordaintzea nahi dute.



 Zapatu iluntzean, 21:30ak aldera, sei bat lagun igo ziren anbulatorio parean dagoen igogailuan. Barruan zeudenean, botoiak behin eta berriz sakatu eta guztiak batera saltoka hasi ziren, harik eta igogailuaren mekanismoak huts egin edo segurtasun detektagailuak geldiarazi zuen arte. Eginiko erabilera okerraren ondorioz, igogailu barruan harrapatuta geratu ziren gazteak. Teknikariei deitu behar izan zieten gazteak barrutik ateratzeko.
 "Guzti hori ikus daiteke igogailuan jarrita dagoen bideo kamerak jasotako irudietan", azaldu du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak. "Argi eta garbi ikusten da zein diren ganberrokerian parte hartu zuten lagunak". Hori dela-eta haien gurasoei eskatuko dizkietela kalte-ordainak jakinarazi du, kalteak eragin dituzten lagunak adingabeak baitira. Era berean, konponketa lanek 2.000 eurotik gorako kostua izango dutela adierazi du Etxeberriak.