Euskal Herriko Enduro Txapelketarako proba puntuagarria izango da Elgoibarko XI. Enduro Txapelketa. Zallan (Bizkaia) jokatu zen estreinako proba, otsailaren 23an, eta bigarrena izango da Elgoibarkoa, apirilaren 14an. Urnobitza motoklubak antolatuko du proba eta 30 kilometroko ibilbidea prestatu dute parte hartzaileentzat. Mintxetako parkinetik abiatuko dira gidariak, bertan egongo baita ‘paddock’-a. Proba ikusteko lekurik egokiena Mintxeta ingurua izango da, aire libreko igerilekuen atzealdean dagoen zelai bat, zehazki. Han egingo dute-eta erlojuaren aurkako probetako bat. 9:00etan hasiko da proba eta 14:30ean amaitu. 100 motorzale inguru lehiatuko dira, bost kategoriatan.
Urnobitza motoklubeko kideek jakinarazi dutenez, hogei bat lagun ari dira antolakuntza lanetan, baina lanerako prest dauden esku gehiagoren laguntza eskertuko dutela azaldu dute. Laguntzeko prest daudenek honako telefono zenbakira deitu dezakete: 647 772 325 (Aitor).
•Aitor Osoro Euskadiko Txapeldun
Elgoibarren jokatuko den Enduro txapelketan ez da elgoibartarrik izango, baina ez gidari trebeen faltan gaudelako, daudenek antolaketa lanetan buru belarri aritu beharko dutelako baizik. Horietako batek, Aitor Osorok, bihar bertan jasoko du 2012ko Euskadiko Enduro eta Cross Country Txapelketako irabazleari dagokion garaikurra, beteranoen mailan. 2013ko txapelketan bi probatan hartu du parte iazko txapeldunak eta, batean zein bestean, bigarren postua eskuratu du.