Dolmenen ibilbidea aurkeztu dute

elgoibarren.net 2013ko mar. 22a, 19:00

 
Dolmenen Ibilbideak, PR-Gi 94 izendapena du, 20 kilometro dauzka eta Karakate-Agirreburu banalerroa zeharkatzen du, Elgoibar, Soraluze eta Bergarako udalerriak lotuz. Bertan, Bergara, Soraluze eta Elgoibar arteko ondare natural eta kulturala balioan jartzeko ibilbide tematikoa egin dute. Gaur aurkeztu dute ibilbidea Eibarren, Debegesaren egoitzan. (bideoa dauka)



Elosu-Plazentzia estazio megalitikoa osatzen duten tumulu eta dolmenak ikusi daitezke Dolmenen Ibilbidean.

Barnealdeko turismoa sustatzeko asmoz sortutako proiektu honek, gure arbasoen bizimodua eta eurek utzitako ondarean oinarrituta dago, izan ere, 3.000 urte baino gehiago dituzten arrasto arkeologikoak daude eta ekimenaren antolatzaileek horren potentziala erabili nahi dute.

  Dolmenen Ibilbidean, Elosu-Plazentzia estazio megalitikoa osatzen duten tumulu eta dolmenak ikusi daitezke. Guztira, 16 monumentu daude, 10 tumulu eta 6 trikuharri. Monumentu horietako gehienak J.M. Barandiaranek aurkitu zituen, 1920tik 1921era bitartean, eta berak induskatu zituen, T. Aranzadiren eta E. Egurenen laguntzatz, 1921etik 1922ra. Zoritxarrez, monumentu horietako gehienak espoliatu egin zituzten, lehenengo ikerketak egiten hasi aurretik.
Barnealdeko turismoari bultzada
  Ibilbide honek Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako turismoari bultzada eman nahi dio eta hori lortzeko hiru herrietako ordezkariak elkarlanean aritu dira. Ibilbidea, hain justu ere, Elgoibar, Soraluze eta Bergarako hiriguneekin dago konektatuta eta Gipuzkoako Mendi Federazioaren irizpideak jarraituz seinaleztatu eta balizatu dute. Halaber, liburuxkak argitaratu dira. Liburuxka horietan ibilbidearen berri jaso daiteke, interesguneen gaineko informazioa dago eta baita mapa bat ere. Liburuxkak 3 udaletxeetan eta Deba eta Mutrikuko Turismo Bulegoetan eskuratu daitezke.
Bisita gidatuak eta tailerrak
Ekimenaren sustatzaileek ibilbidearen inguruan, hilero ekintzak antolatuko dituzte, eta horien artean, bisita gidatuak eta familientzako planak. Batetik, bisita gidatuak antolatu dituzte Karakate-Irukurutzeta mendilerroan, iaz Debegesa garapen agentziak eta Debanatura elkarteak elkarrekin abiatutako “Arbasoen Deia” proiektuari jarraipena emanez, eta, bestetik, umeak dituzten familiei zuzendutako tailerrak egingo dituzte. Guztira lau bisita gidatu eta lau tailer egingo dira. Horietatik lehenengoa, martxoaren 30ean izango da. Karakateko aparkalekutik abiatuko dira, 10:00etan. Izena emateko Debanaturara (943 19 11 72/695 78 36 56) edo Debegesara ( 943 82 01 10) deitu behar da. Izena emateko azken eguna martxoaren 29a, barixakua, izango da.

 Gaur goizean Debegesaren egoitzan egin duten aurkezpen ekitaldian izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendari Roke Akizu, Soraluzeko Alkate Hiart Arluziaga, Elgoibarko Udaleko Kultura Teknikari Blanca Salegi, Bergarako Udaleko zinegotzi Juanje Amasorrain, Aranzadi Zientzia Elkarteko Idazkari Nagusi Juantxo Agirre eta Debegesako Turismo Arduradun Cristina Iturriagagoitia.

Balio arkeologiko handia
  Aranzadi zientzia elkarteko Juantxo Agirrek ingurunearen balio arkeologikoa nabarmendu du eta Arribiribileta monumentuaren adibidea jarri du.
 
•BIDEOA: Aranzadik egindako indusketa lanei buruzko bideoa.
 
 
 
 
ç