Debemen, Debabarreneko Landa Garapen Elkartea, Gipuzkoa eta Bizkaiko beste zortzi Landa Garapen Elkarterekin batera landa-paisaia atlantikoen balioa agerian jartzeko ekimenean murgilduta dabil iaztik. Eskualdeka, baserri-paisaiek dituzten elementu bereizgarriak aztertzeko eta horien erronkak identifikatzeko parte-hartze saio irekiak burutu zituzten joan den urteko irailean.
•Baserri-paisaien balioa agerian
Hortaz, elementu bereizgarriak kontserbatu zein baserri-paisaien balioa agerian jartzeko ekintza aproposenak identifikatzeko saioa burutuko da. Saio horren helburuak aurreko saioetatik ateratako ondorio nagusienak gogoratzea, ekintzen finantziazio modu berriak aztertzea, eta landa-paisaien balioa agerian jartzeko ekintzak lantzea dira.
Saioaren ondoren, proposatzen diren ekintzen zehaztapenean sakonduko da eta horiek eskualdeko administrazioei eta eragile sozial eta ekonomikoei aurkeztuko zaizkie, hurrengo urteetan ekimenak gauzatzeko asmoz. Proiektuaren helburu dira ere lehen sektoreak guztion ongizateari egiten dizkion ekarpenen artean baserri-paisaien balioak mantentzeari dagozkionak azpimarratzea, eta horien inguruan gizartea sentiberatzea, baita eskualdeko baserritarrei haien produktuei beste balio erantsi bat gehitzeko aukera aurkeztea, proiektuaren emaitzak komunikatuz.
- Horrenbestez, Debemenek Debabarreneko biztanleei dei egiten die apirilaren 24an (19:00-21:00) Elgoibarreko Kultur Etxeko sotoan ospatuko den saio irekian parte hartzera. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da: paisaia.atl@paisaia.com edo 686 738 152 / 943 335048.