Elgoibarren hasi eta bukatuko den aurreneko etapa, “hasieratik bukaerara oso borrokatua” izango dela uste du Jose Luis Arrietak, Euskadiko Txirrindularitza Federazioko presidenteak eta Euskal Herriko Itzuliko antolatzaile taldeko kideak. Tropelari min emateko moduko mendateak jarri dituztela lehen etapan azaldu du. “Endoia eta Azurki ibilbidearen amaieran jarri ez baditugu ere, tropela asko luzatzeko balioko dute batean zein bestean dauden malda pikoek. Uste dut, 25 bat txirrindulariz osatutako taldea ailegatuko dela aurrea hartuta Elgoibarrera”. Gainera, etaparen ibilbidea prestatuta dagoen moduan, Azurkin eta Endoian batutako zaleek, nahi izanez gero, etapa amaiera ikustera Elgoibarrera etortzeko aukera izango dutela adierazi du.
•Garaikur berezia irabazlearentzat
Elgoibarren hasi eta amaituko den aurreneko etapako irabazleak garaikur berezia eramango du etxera, “Elgoibar eta irabazlea betirako lotuko dituena”, azaldu du Alfredo Etxeberria alkateak. Azkenengo Juan Mugertza Nazioarteko krosean egin zuten moduan, irabazlearentzako sari berezia prestatu du Elgoibarko Udalak. Forjan egindako burdinezko pieza bat dela azaldu du alkateak: “Korapilo bat irudikatzen du eta Elgoibarren historioa adierazteko aproposa irudtu zaigu”. Honako esaldia dago idatzita garaikurrean: “Elgoibar, machine tool capital: ‘With every machine, a new friend".
•Samuel, Contador eta Valverde ere bai
Parte hartuko duten txirrindularien izenei dagokionez, Euskal Herriko Itzulian ohikoa den legez, munduko txirrindularirik onenak ibiliko dira lehian euskal errepideetan. Iazko irabazlea, Samuel Sanchez, eta Alberto Contador, 2008 eta 2009ko irabazlea, Elgoibarren izango direla baieztatu du, Jose Luis Arrietak. Era berean, Alejandro Valverderen izena ere eman du Arrietak. “Bere taldeak, Movistar-ek, parte hartuko duten txirrindularien zerrendan sartu du”, argitu du. Ez zela etorriko zabaldu zen aurreko astean, baina Kataluniako Voltako liderra zela erorikoa izan eta erretiratu beharra izan zuen. Honenbestez, baliteke txirrindulari murtziarrarentzat prestatuta zeukaten lasterketen egutegia aldatzea. Sky taldeko Richi Porte ere hemen izango da. Australiarrak 2013ko Paris-Niza proba irabazi berri du. Erlojupekoetan espezialista den Tony Martin alemaniarra ere aipatu du Arrietak. Algarveko Itzuliko azken erlojupekoa eta sailkapen nagusia; Tirreno-Adriatikoko lehen etapa, taldekako erlojupekoa; eta itzuli bereko azken erlojupekoa, bakarkakoa, irabaztetik dator Omega taldeko txirrindularia, munduko erlojupeko txapelduna, birritan. Azkenik, sasoian ez dagoen arren, beste txirrindulari ilustre bat ere azken orduan batu da Itzulira: Andy Schleck luxenburgoarra. Horiez gain, euskal txirrindulariak dira itzulian parte hartzeko motibazio handiena dutenak: Beñat Intxausti, Igor Anton, Jon Izagirre, Haimar Zubeldia, Amets Txurruka, Mikel Astarloza, e.a. BARREN aldizkariak azken alean (859. zenbakia/PDF) argitaratu zuen erreportajean aurkituko duzue horietako askoren iritzia.