Laukok ezin izan du Euskadiko Txapelketako azken fasea eskuratu

elgoibarren.net 2013ko api. 8a, 13:46

 
Nahiz eta etxean jokatu, Lauko eskubaloi taldeak ezin izan du Euskadiko Txapelketako azken fasea irabazi. Partida bat irabazi eta bi galdu ostean, hirugarren postuan sailkatu dira. Zarauzko Aiala taldeak eskuratu du lehen postua.


 Euskadiko Txapelketako azken fasea jokatu dute jubenil neskek asteburuan Elgoibarren. Etxebarriko Kukullaga, Ermuko Errotabarri eta Zarauzko Aiala taldeek eta Elgoibarko Lauko taldeak hartu dute parte txapelketako azken txanpa honetan. Elgoibartarrek ezin hobeto hasi zuten txapelketa. Barixakuan jokatu zen lehen jardunaldian 25-22 irabazi zioten Ermuko Errotaberri taldeari. Zapatuan, berriz, Kukullaga taldearen aurka aritu ziren elgoibartarrak. Partida estua jokatu zuten, baina garaipenak ihes egin zion Lauko taldeari. 27-26 izan zen azken emaitza. Hala eta guztiz, lehen postua eskuratzeko aukerak bizirik zirauen hirugarren eta azken partidaren atarian. Zarauzko Aiala taldearen aurka jokatu zuen Laukok partida hori domekan. Zarauztarrak 23-29 hartu zituzten mendean elgoibartarrak. Hain justu ere, Aiala taldeak irabazi du Elgoibarren jokatu den txapelketa. Lehen partida berdindu eta beste biak irabazi dituzte kostaldekoek.
 Banakako sariei dagokionez, Kukullaga taldeko Miriam Llorente izan da txapelketako goleatzaile nagusia, eta Naryit de la Cruz (Errotaberri) atezain onena.

Gabaz txapeldun

Gabaz Elgoibar taldeak senior mutilen bigarren Lurraldeko Liga Txapelketa irabazi du joan den asteburuan. Elgoibartarrek 17-26 irabazi zioten CDB Leizaran taldeari zapatuan, eta, honenbestez, sailkapeneko lehen postua ziurtatu dute. Maila bat gorago arituko dira datorren denboraldian.