Emakumeen "historia ezkutua" bistaratuko dute Emakumeak eta memoria historikoa egitasmoan

elgoibarren.net 2013ko api. 10a, 14:03

Emakumea eta memoria historikoa egitasmoa antolatu dute elkarlanean Elgoibarko Emakumeen asanbladak, Elgoibar 1936 elkarteak eta Ongarri Zine klubak. Gure aurretik egon zirenen ondarea jaso, zabaldu eta ezkutuan izan den historiaren gainean argia isurtzeko, hain zuzen ere.


  “Denok ere ahaztu dugun historiaren zati horri, emakumeonari, merezi duen errekonozimendua emateko”, antolatu dute “Emakumea eta memoria historikoa” izeneko egitasmoa.
  Taldekideen esanetan, sistema kapitalista patriarkalak araututako gizartea eraldatzea du helburu Elgoibarko Emakumeen Asanbladak. “Hortaz, etorkizunari begira bizi eta borrokatzen gara. Etorkizuna, baina, ez da errorik gabekoa, ez da zerutik eroritakoa, baizik eta bilakaera jakin baten ondorioa. Horregatik, aurrera begira, baina atzetik dakarkiguna ahaztu gabe dihardugu lanean; emakumeek historikoki jasan duten zapalkuntza ahaztu gabe, emakumeak beraien egoerari ausarki aurrera egiteko asmatu dituzten moduak gogoan hartuz. Eta hain zuzen ere, horretarako, gure aurretik egon zirenen ondarea jaso eta zabaltzeko, antolatu dugu “Emakumea eta memoria historikoa” delako egitasmoa Elgoibar 1936 elkartearekin batera”.
Antzerkia eta zinea
Antzerkia eta zinearen bitartez emango diote argia emakumeen ezkutuko historiari.
  • Arrasate 1936: Emakumea, gerra eta errepresioa dokumentala, apirilaren 18a, eguena, 21:30ean, Ongarri zineklubak antolatzen dituen zine emanaldien barruan. 1936ko gerraren sufrimendua eta krudeltasuna Arrasateko 15 emakumeren ahotik jasotzen ditu Intxorta 1937 Kultur elkarteak egin duen ikus-entzunezko lanak. Informazio osoagoa hemen: goiena.net
Hona hemen trailerra

  • Karrika Antzerki Taldeko partaideak eta Durango 1936 Kultur Elkarteko kideak. Arg: durangon.com

    Lurra astinduz antzezlana, apirilaren 26an, barixakua, 20:30ean, Herriko Antzokian. Durangoko Karrika Antzerki Eskola amateurraren lan honek 1936ko altxamenduaren osteko egunak kontatzen ditu, amodiozko istorio baten bitartez, sentimendu eta bizipenei argia eta hitza emanez. “Taularatuko den istorioa fikziozkoa den arren, eta, Durangorako sortu bada ere, berez, zanpatutako edozein beste herritan kokatu daiteke, benetan gertatutako hainbat testigantzen emozioak eta pasarte txikiak islatzen dituelako”.
  • Joxe Martin Urrutia "Txotxe" elgoibartarra da antzezlaneko zuzendaria eta testua ere berak idatzia da.