Javier Olaberria eta Maite Maiora garaile Mendaroko mendi lasterketan

elgoibarren.net 2013ko api. 15a, 17:44

Javier Olaberria bizkaitarrak irabazi zuen atzo, apirilak 14, Mendaroko hirugarren mendi lasterketa. Orozkoko antxitxikaria izan zen bi orduz azpitik (1:58:35) proba amaitu zuen bakarra. Emakumezkoetan, berriz, Maite Maiorak ez zuen areriorik izan eta garaipen argia eskuratu zuen, hirugarrengoz, etxeko proban. Gainera, estu hartu zuen areriorik izan ez arren, probako errekorra ondu zuen, 2:18:26 denborarekin. (argazkiak dauzka)

 
 Iazko eguraldi hotz eta bisutsaren aldean, eguraldi atseginagoa izan zuten atzo, Mendaroko III. Mendi Lasterketan parte hartzeko Mendaroko Herriko Enparantzan batu ziren lagunek. Hala eta guztiz, antxitxika ibiltzeko bero gehiegi egiten zuela-eta kexu agertu ziren asko amaieran. Guztira 130 lagunek lortu zuten proba amaitzea, tartean bederatzi mendaroarrek eta zortzi elgoibartarrek.
 Irteera eman aurretik proba irabazteko faborito argienetakoa zen Javier Olaberria Orozkoko korrikalaria izan zen helmugara irizten azkarrena (1:58:35). Zumarragako Juanjo Ibartzabalek egin zuen bigarren, 2:01:22 denborarekin. Hirugarren postuan, berriz, Igon Manzisidor debarra sailkatu zen (2:01:52). Iñigo Lariz izan zen lehen elgoibartarra. Zortzigarren postuan sartu zen helmugan, 2:04:21 denborarekin. Lehen mendaroarra, berriz, Jon Larrañaga izan zen, sailkapeneko 18. postuan.

Hirutik hiru Maiorarentzat
 Emakumezkoetan, hirugarren garaipena lortu zuen errenkadan Maite Maiorak. Mendaroko probak ez du beste irabazlerik ezagutzen emakumezkoetan, Maiorak irabazi ditu-eta orain arteko hiru ekinaldiak. Gainera, iaz ezarri zuen errekorra bi minutu eta hamalau segundoan ondu du, 24 kilometroko proba bi ordu, hamazortzi minutu eta 26 segundotan amaitu zuen-eta. Era berean, bigarren emakumezkoari hamabi minututik gorako aldea atera zion Maiorak helmugan. Maider Calleja gasteiztarra sailkatu zen bigarren postuan, 2:40:59 denborarekin. Jone Urkizu azpeitiarra sailkatu zen hirugarren postuan. 

 Lotura duten albisteak:

•ARGAZKIAK: (guztiak Picasan)